Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak datu kezkagarriak eman ditu adingabeek egindako sexu-erasoen inguruan. Azken bost urteetan, 2017tik hona, %116 igo dira adin txikikoek gauzatutako erasoak. 2017an, zehazki, 451 eraso salatu ziren. Bost urte beranduago, 2022an, bikoitza baino gehiago izan ziren salatutako erasoak: 974.
Nabarmena da, bereziki, 2021etik 2022ra bitartean izandako gorakada: denbora-tarte horretan, %45,8 egin zuten gora adingabeek egindako sexu-erasoek. 688 eraso atera ziren argitara 2021ean; eta, esan bezala, 974 izan ziren hurrengo urtean, 2022an.
Gainerako urteetako kopuruak ondokoak dira: 648 salaketa 2018an, 564 salaketa 2019an, eta 544, berriz, 2020an.
Fiskaltzaren ustez, pornografia bortitza goiz eta "modu desegokian" ikusteak eragina izan du adingabeek gauzatutako sexu-erasoen igoeran. "Eduki etiko-sexualari" buruzko formakuntza egoki baten faltari ere egin dio azpimarra fiskaltzak.