AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Onda Vasca
2023/09/29 09:08

Migrazioari buruzko beste dekretu bat onartu du aste honetan Italiako Gobernuak, eta are gehiago gogortu ditu pertsona migratzaileen kontrako neurriak. Neurrien artean, polemika berezia sortu dute Italiara migratzen duten adingabeei eragingo dieten aldaketek: azkartu egin nahi dituzte haiei egindako mediku-analisiak, adinari dagokionez egia esan duten eta adingabeak ote diren zehazten saiatzeko. Mediku-analisian ebazten bada nor edo nor ez dela adingabea eta 18 urtetik gora dituela, zigortua eta Italiatik kanporatua izan daiteke.

Bestalde, adingabeen zentroetan ustez nahikoa lekurik ez badago, 16 urtetik gorako pertsona migratzaileak helduei bideratutako zentroetara sartu ahal izango dituzte aurrerantzean. Gehienez 90 egunez eduki ahalko dituzte zentro horietan.

Dekretu berriaren arabera, gainera, nolabaiteko "arrisku bat" dakartela uste den pertsona migratzaileak errazago kanporatuko dituzte Italiatik. Bizileku-baimen egonkor bat daukaten lagunen kasuan ere, Italiatik bidali ahalko dituzte, ebazten bada ustez "desordena publikoari edo estatu-segurtasunari lotutako arrazoi larriak" daudela tartean.

Melonik neurri berriak justifikatu ditu esanez "azkarragoak" izango direla "legez kontrako migratzaile arriskutsuen kanporatzeak", eta azken aldaketekin, ez dela "posible izango adinaren inguruan gezurra esatea".

Polizia eta boluntarioak

"Migrazioaren puntu gorenetan" Italiako autoritateek ematen duten erantzuna ere indartu nahi dute neurri berriekin. Barne Ministerioak baimena dauka, migrazioari aurre egiteko, kostazainengana jotzeko. Aldi berean, Kostaldeko Guardiak ahalmena izango du, hemendik aurrera, boluntarioak deitzeko eta, modu horretara, polizia-indarrak sendotzeko. 2024 eta 2028 artean, urtean 100 boluntario eduki ahal izango ditu Kostaldeko Guardiak.

Itsaso bidezko migrazio-bideak gehiago kontrolatzeaz gain, tren-geltokietako kontrolak areagotzea ere onartu du Italiako Gobernuak. Hemendik urte amaierara bitartean, gutxienez 400 militar arituko dira lan horretan. Eta, hori gutxi balitz, Europar Batasunaren parte ez diren herrialdeetatik Italiara bidaiatu nahi duten pertsonen bisak are modu zorrotzagoan miatuko dituzte.

Atxikitze-zentroen indartzea

Aurreko astean, migrazioaren aurkako beste neurri batzuk onetsi zituen Giorgia Meloni buru duen gobernuak: besteak beste, pertsona migratzaileak atxilo izateko (eta ondoren kanporatzeko) atxikitze-zentroak areagotzea, eta haiek gatibu edukitzeko gehienezko epea handitzea, hemezortzi hilabeteraino luzatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK