AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AFP
2024/04/29 11:29

"Gazteen biolentzia" eta "delinkuentzia" igotzen ari direlako mamua zabalduta, gazteria are gehiago kriminalizatzeko kanpaina bat jarri dute martxan agintaritzek Frantziako Estatuan. Aitzakia horretaz baliatuta, gainera, gazteen kontrako errepresio-neurri berri bat ezartzeari ekin diote hainbat hiritan: 13 urtetik beherako gazteei etxeratze agindua inposatu diete hainbat udalek, eta badirudi toki gehiagotan jarriko dutela martxan neurri autoritario hori.

Etxeratze agindua indarrean sartu den lekuetan, 13 urtetik beherako nerabeek debekatuta daukate 23:00etatik 06:00etara bitartean kalera irtetea, helduren batek lagunduta ez bada. Horren adibide dira, hala nola, Béziers eta Pennes-Mirabeu hiriak (ultraeskuina dago agintean) edota Guadalupe artxipelagoko hiriburua, Pointe-à-Pitre (ezker ekologista da buru udal gobernuan).

Neurriaren izaera arbitrarioa erakusten du, baina, besteak beste Béziersen gertaturikoak: ez dute etxeratze agindua hiri osoan inposatu, udal agintaritzek "gatazkatsutzat" jo dituzten hiru auzotan baizik. 23:00etatik 06:00etara bitartean, 13 urtetik beherako gazteren bat kalean atzematen badute, bere etxera eraman edo udal polizia-etxeetan atxilo izan ditzake Poliziak.

Neurri hori ezartzea aztertzen ari diren hirien artean dago, esaterako, Niza: posible da maiatzaren 1ean inposatzea nerabeentzako murrizketa hori. Nizako alkate Christian Estrosik argudiatu du gazteak "babestea" dela asmoa, drogen eta delinkuentziaren eraginik izan ez dezaten. Perpinyàn edota Compiègnen ere mahai gainean dago etxeratze agindua indarrean sartzea.

Zenbait tokitan, hala nola Cagnes-Sur-Mer hirian, bi hamarkada daramatza indarrean nerabeen kontrako etxeratze aginduak.

"Jatorria": bortizkeria polizialaren aurkako mobilizazioak

Hori guztia gutxi balitz, gazteen "delinkuentzia" azaltzeko orduan, ustezko soziologo adituek ez dute zalantzarik egin: bortizkeria polizialaren kontrako mobilizazioak seinalatu dituzte, gazteen "biolentziaren" jatorri modura. Sortu duten kontakizunaren arabera, Poliziak hainbat "delitugile gazte" erail ditu 2005etik hona, horren aurka protestak piztu dira Frantziako "auzo marjinaletan", eta horixe da gaur egun "delinkuentzia" igo izanaren kausa.

Horren adibidetzat hartu dute, adibidez, 2023an gertatutakoa. 17 urteko gazte bat, Nahel, erail zuen Poliziak, eta Poliziaren bortizkeriaren kontrako protestak hedatu ziren estatu osoan barrena. Ehunka lagun atxilotu zituzten polizia-indarrek, eta zenbait pertsona gehiago erail zituzten mobilizazioetan.

EZ DAGO IRUZKINIK