Bart argitaratu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) errektoretzarako hauteskundeen behin-behineko emaitzak. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan bi izan dira aurkeztutako hautagaiak eta badirudi Eva Ferreirak postua utzi beharko diola Joxerramon Bengoetxeari, errolda osoaren %5,67k babestu baitu lehenengoa, eta %15,02k bigarrena. Hortaz, Bengoetxea izango da EAEko unibertsitate publikoko errektore berria hurrengo sei urteetarako. Lehenengo aldiz izango du iraupen hori agintaldiak.
Parte-hartzeari dagokionez, nabaria izan da bigarren hautagaitzaren eragina. Aspaldian lehenbizikoz, unibertsitaterako bi gestio-eredu "kontrajarri" dituzten hautagaitzak aurkeztu dira aurten. "Aukeratu" ahal izatearen ondorioz, gutxienez azken 20 urteetan egondako parte-hartzerik handiena erregistratu da eta, hala ere, erroldatutakoen %22k baino ez dute bozkatu. Atzoko bozetara deituta zeuden 50.590 pertsonetatik, soilik 11.081ek hartu dute parte.
Parte-hartze desberdina, langile-taldearen arabera
Dena den, bozkatzera deituta zeuden taldeen artean, desberdintasunek begi-bistakoak izaten jarraitzen dute. Ohikoa denez, irakasle doktore iraunkorrena izan da parte-hartzerik altuena, 2.326 kideetatik 1.937 izan baitira botoa ematera bertaratu direnak, %83 alegia. Bestalde, aurten ere, bigarren postuan daude kudeaketako, administrazioko eta zerbitzuetako langileak: %69k bozkatu dute.
Hirugarrenik ageri da lehen taldean sartzen ez diren irakasle eta ikerlarien multzoa, horien %43k hartu baitute parte bozetan. Hala ere, talde horren barruan, nabarmena da unibertsitatearen baitan egoera egonkorragoan daudenek (irakasle doktore ez-iraunkorrak eta ez-doktore iraunkorrak) parte-hartze altuagoa izan dutela, "bestelako irakasle eta ikerlari" deritzenek baino. Azken talde horretan sartzen dira ikerlari eta irakasle ez-doktore ez-iraunkorrak, esate baterako.
Ikasle gehienak abstenitu dira
Guztira, unibertsitate-komunitateko 50.590 pertsona zeuden atzo botoa ematera deituta, eta ikasleak dira gehienak: 42.837. Hala ere, ikasleen partetik, abstentzioa izan da nagusi, %85,4 punturekin. Zentzu horretan, beste behin ikusi da EHUko instituzioek ez daukatela ikasleen baldintzetan aurrerapausorik lortzeko gaitasunik, edo behintzat, hala ikusten duela ikasleriak berak.
Azken bost hauteskundeetan, ikasleria izan da unibertsitateko erroldaren proportziorik handiena izan duen taldea, baina baita abstentzio tasarik handienak erregistratu dituena ere, nahiz eta unibertsitateak berak zein hautagaitza ezberdinek aldiro abiatu kontrakoa lortzeko saiakerak.
EHUko arautegiak, gainera, balio desberdina ematen die unibertsitate-komunitateko talde bakoitzaren botoei. Ikasleria gehiengoa izan arren, denera %22,08 besterik ez du balio bere botoak. Kontrara, unibertsitatean egonkorrena den sektoreari, irakasle doktoreei, erabakimen-organoen guztizkoaren %56,25 ematen zaie, 2.326 bakarrik izan arren.
Kanpaina gorabeheratsua
Izatez, azken hauteskunde hauetan, bereziki sonatuak izan dira hautagaitza baten zein bestearen hauteskunde-kanpainak. Alde batetik, Ferreiraren taldeko errektoreorde zen Guillermo Quindósek dimisioa aurkeztu behar izan du, sare sozialetatik difamazioak egitea leporatuta; eta, bestetik, Bengoetxea gosariak oparitzen aritu da, boto errazen bila. Hala ere, bozketari erreparatuta, argi geratu da EHUko instituzioekiko atxikipen falta orokorra, ikasleena batez ere, edozein aurpegi aldaketaren edo hauteskunde-kanpainaren gainetik.