Absolbitu egin dute Donostian emakume bat bortxatzeagatik atxilotutako gizona
— ARGAZKIA donostitik.com

Donostiako (Gipuzkoa) Bulebarreko aparkalekuan, emakume bat bortxatu zuen gizon batek 2021eko urriaren 12an. Biktimak azaldu zuenez, kasino batean ezagutu zuten elkar biek, eta horren ostean, Bulebarreko parkingera jaistera eta bertako komun batera sartzera bultzatu zuen erasotzaileak. Bertan bortxatu zuela salatu zuen emakumeak, baita gizonezkoak ito eta hil egingo zuela pentsatzera iritsi zela ere.

Handik bi hilabetera berriz topatu zuten elkar kasinoan, eta horri esker bortxatzailea identifikatu ahal izan zuen emakumeak. Horren ondoren atxilotu zuten.

Iazko azaroaren 26an epaitu zuten erasotzailea, baina hura errugabetzea erabaki du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Izan ere, ebatzi du "biktimaren deklarazioa ez dela nahikoa errugabetasun-presuntzioa indargabetzeko", eta absoluzioaren alde egin du.

Emakumeak, zenbait arrazoi tarteko, ez zuen bortxatua izan eta berehala jarri salaketa, eta hori aipatzen da sententziako argudiaketan: salaketa atzeratu izanak, besteak beste, parkingeko kameretako grabazioak aztertu ahal izatea eragotzi duela esaten da bertan.

Horrekin batera, testu judizialak ulertzera ematen du gizonezkoa hain denbora gutxian kasinora itzuli izanak (Frantziako Estatuan bizi omen da) bere errugabetasuna iradokitzen duela nolabait: "Ez dirudi zentzuzko jokabide bat Frantzian bizi den gizonezko hori, egia balitz sexu-eraso bat egin zuela, Donostiako kasino berera itzultzea, gertakari larri horiek egin zituen tokira, agintaritzak bere bila egon zitezkeela jakinda, zalantzarik gabe".