Berri onak gaurkoan Lizarran (Nafarroa): epaileak absolbitu egin ditu Raimundo El Canasteroko bost kideak, kanta baten letrengatik epaituak izan eta gero. Defentsak gaur izan du sententziaren berri, eta musika-taldeak sare sozialen bidez eman du albistea. Eskerrak eman dizkie "konfiantza" izan duten guztiei eta "gezurrei eta difamazio interesatuei" entzungor egin dietenei, baita "Lizarra ez hain gris baten alde borrokan" jarraitzen dutenei ere.
Joan den irailaren 9an egin zieten epaiketa Lizarran bertan, Beef D'Alda abestiko hitzengatik auzipetu baitzituzten. Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuen taldeko bi kiderentzat, baina isuna eskatu zuen gainerako hiru auzipetuentzat, "agintaritzari irainak egitea" egotzita. Lizarrako alkatetzak (UPN) txosnei jarritako debekua salatzeko sortu zuen Beef D'Alda Raimundo El Canasterok, eta Marta Ruiz de Alda alkateak berak eraman zuen auzitara protesta-abestia. Musika-taldea "gorrotoa sustatzeagatik" zigor zezatela nahi zuen, baina epaileak ez dio arrazoia eman.
Epaiketaren egunean taldeko kide batek kazeta honi azaldu zionez, "txosnen debekuari lotutako kritika politiko bat esparru artistikora eramateagatik" auzipetu eta epaitu zituzten. Orain epaia esku artean izanda, Raimundo El Canasterok berretsi du "musika eta protesta" ez direla "delituak", eta "muntaia judizialek eta mediatikoek" ez dutela lortu "udal honen autoritarismoa ezkutatzea". "Haizea bezala, aske abesten jarraitzen dugu", gaineratu dute. Horrekin batera, absoluzioa eskatu dute Bajadikako 27entzat ere.