40 eguneko protestaldiak egin izan ditu Bizitzaren Aldeko 40 Egun mugimenduak, Gasteizko (Araba) nahiz Donostiako (Gipuzkoa) Askabide kliniken aurrean. Helburua, abortuaren kontrako aldarria kaleratzea eta haien haurdunaldia etetera doazen emakumeak nahiz kliniketako langileak jazartzea. Horretarako, kliniken aurrean elkartu eta belauniko jartzen dira, errezatzen ariko balira bezala.
Gutxigorabehera, urtean bi aldiz izaten dira kolektibo horren protestaldiak, eta badirudi otsailaren 22an ekingo diola hurrengoari. Gainera, sare sozialetan argitaratu dituen mezuetan, ulertzera ematen du egunero egingo dituela protestak.
Osasun sare publikoaren parte da Askabide klinika, Osakidetzak hara bideratzen baititu haurdunaldia eten nahi duten emakumeak. Hortaz, jazarpen ekimen horiek egitekotan, kliniketatik distantzia batera egiten direla ziurtatzea eta horri dagokionez legea betetzen dela bermatzea eskatu dute Askabideko ordezkariek. Izatez, Espainiako Estatuan iaz sartu zen lege bat indarrean, klinika horietara sartzea "zailtzen" duten edo jazarpen-lanetan ari diren pertsonak zigortzeko.
Horrek, baina, ez zituen protestak eten. ReligiĆ³n en libertad atariaren arabera, Espainiako Estatuko 22 hiriburutan daukate jazarpen-protestak antolatzeko gaitasuna, eta 5.500 boluntariok omen daukate parte hartzeko prestutasuna. Gainera, protesta horietan "isunak saihesteko trikimailuen gida bat" jarri dute eskuragarri.
Atari horretan harro diote, iaz, bi hiriburutan baino ez zituztela "arazo legalak" izan kliniken aurrean egindako kontzentrazioetan: Bartzelonan eta Gasteizen. Arabako hiriburuan, zehazki, gutxieneko distantzia bat mantentzeko ebazpen bat eman zuen Ertzaintzak: Askabide klinikatik 200 metrora jartzea agindu zien jazarleei. Dena den, elkarretaratze horiek baimendu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak.