AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/23 17:57

Espainiako Berdintasun Ministerioak 2023an sartu zuen indarrean Abortuaren Legea deiturikoa, Gizarte Segurantzarekin hitzartuta. Teorian, emakume langileek baja hartzeko eskubidea zabaltzen zuen araudiak: bai hileko mingarriak jasaten dituztenen kasuan, bai hardunaldia eten duten edo haurdunaldiko azken sei asteetan dauden emakumeen kasuan. Lege horrek, baina, hutsune larri bat du, eta milaka emakume langileren intimitaterako eskubidea urratzea ekarri du azkenerako. Izan ere, baja medikoaren arrazoia islatzen da hura tramitatzean.

Oinarrizko printzipio bat da, berez, laneko bajaren arrazoia ezkutuan mantentzeko eskubidea. Sindikatuek salatu dutenez, langile baten baja izapidetzean, bi agiri egiten zituen lehen Gizarte Segurantzak. Alde batetik, beharginak enpresari emateko dokumentu bat sortzen zuen, non langilearen gaitza ez zen islatzen, eta, bigarrenik, langileek gordetzeko beste agiri bat egiten zuen, non informazio guztia barne hartzen zen. Gaur egun, ordea, zuzenean Gizarte Segurantza da baja izapidetzen eta enpresari helarazten diona.

Kode berezi batek ematen du bajaren arrazoiaren berri

Abortuaren Legeak "aldi baterako ezintasun berezi" bezala ezaugarritu zituen abortuagatik, haurdunaldiagatik edota hileko mingarriagatik hartutako bajak. Baja horiek ez dira, baina, gainontzekoak bezala tramitatzen, eta agirietan bereizgarri bat ikusten da: kode berezi bat. Modu horretan, gaur egun, langileari buruzko informazio gehiago islatzen da Gizarte Segurantzak enpresei bidaltzen dien dokumentazioan, bajaren arrazoia iradokitzen baita kodearen bidez.

Nahiz eta, Gizarte Segurantzaren arabera, "bajaren arrazoia ez den inoiz komunikatzen", enpresekin eta gestoriekin zenbait datu partekatzen ditu gaur-gaurkoz. Esan bezala, "kodifikazio berezi bat" agertzen da "aldi baterako ezintasun bereziak" tartean daudenean; alegia, haurdunaldi bat, abortu bat edo hileko bat direnean baja hartzeko arrazoia. INSSren hitzetan, kode berezia da "berezitasuna adierazteko modu bakarra".

Ondorioz, erregistratuta geratu da, adibidez, haurdunaldia eteteagatik 28.188 emakumek hartu dutela baja iaztik, eta hileko mingarria izateagatik, berriz, 2.183k. Osotara 30.000 emakume baino gehiagoren informazioa eman diete enpresei, beraz.

Urraketa baten berri eman zuten Galizian

Iazko abenduan, langile batek jasandakoaren berri eman zuen Confederación Intersindical Galegak (CIG). Salatu zuenez, Galiziako langile batek baja hartu behar izan zuen, enpresari arrazoia zehaztu gabe. Hala ere, behargina ohartu zen enpresak eta gestoriak bazekitela zein zen bere aldi baterako ezintasunaren arrazoia.

CIG sindikatuko kideek, orduan, bajaren agirietan aurkitu zuten kode berezi bat agertzen zela, eta horri esker lortu zuela enpresak langilearen inguruko informazio intimoa. CIG sindikatuko idazkari Susana Méndezek ohartarazi zuen egoera "oso larria eta onartezina" zela, langileak egoera oso zaurgarrian jarri baititu Berdintasun Ministerioaren eta Gizarte Segurantzaren neurri berriak, enpresek langileak zigortu ahal izateari bide eginez.

EZ DAGO IRUZKINIK