Txinako botere politikoak hiru zutabe nagusi ditu: Alderdiaren buro poltikoaren Batzorde Iraunkorra (zazpi kidez osatua), armada kontrolatzen duen Batzorde Militar Zentrala (11 kiderekin) eta ustelkeria behatzeaz zein zigortzeaz arduratzen den Diziplina Kontrolerako Batzorde Nagusia. Organo horiek dira eskumen gehien dituztenak eta Txinaren barne- zein kanpo-politikaren lerro orokorrak erabakitzen dituztenak. Horietako bakoitzean aldaketak espero dira Kongresu Nazionalaren ostean.
Kongresu-prozesuan zehar, Alderdiaren tokian tokiko asanbladetako ordezkariak hautatu dira 2021eko azarotik 2022ko uztailera bitartean. Herrialdeko eskualde guztietako militante nagusiak dira gehienak, eta beste 264 hautagai gutxiengo etnikoetatik datoz. Baina asanbladan badira beste ordezkaritza garrantzitsu batzuk ere: Alderdiaren organo zentrala, gobernuaren administrazio-egiturak, enpresak, banketxeak, finantza-erakundeak, armada eta polizia, besteak beste. Erabaki nagusiak, dena den, buro politikoak hartzen ditu, bere baitako Batzorde Iraunkorrean.
Kongresuko hautaketa-prozesuek, beraz, asko dute antzerkitik. Herrialdeko arduradun nagusiek ekitaldia baino askoz ere lehenago hartzen dituzte erabaki garrantzitsuenak, eta Alderdiaren barruko fakzio ezberdinen artean banatzen dituzte Buro Politikoko postuak. Zentzu horretan, izendapenen garrantzia "funtsezkoa" dela azaldu du Descifrando la Guerra (DLG) atariak.
Aipatutako kongresu aurreko goi mailako kargudunen hautaketa abuztuan adosten da, Beidaihe eskualdeko Zhongnanhai hirian. "Horrek ez du esan nahi izendapenetarako araurik ez dagoenik eta pertsona horiek beren karguetan betikotzen direnik", zehaztu du hedabideak. Alderantziz, %60ko berritze-ratioa ikus daiteke Batzorde Zentraleko kideen artean. Justuki, kide horiek izango dira buro politikoa osatuko duten karguetarako hautagaiak, eta han ikusiko da nortzuk izango diren Txinako agintariak datozen bost urteetan. "%60ko indize hori kongresu honetan altuagoa bada, aldaketa sakonak datozen seinale", ondorioztatu dute Asia Society Policy Institute izeneko ikergune estatubatuarreko adituek.
Alderdiak eta bere barne-mekanismoek gero eta instituzionalizazio zein konplexutasun maila handiagoa izan dute azken 30 urteetan. Sobietar Batasunean nabarmendu zen gerontokrazia (zaharren boterea) saihestu nahi dute txinatarrek, Alderdia berritzeko adin-irizpide zorrotzak ezarriz. "Zazpi behean, zortzi goian" deituriko arauaren arabera, agintari nazionalek eta azpinazionalek 67 urte edo gutxiago izan behar dituzte kargu altuago baterako izendatzen dituztenean. 68 urtera iristen direnek, aldiz, erretiroa hartu behar dutela ezartzen du.
Lege horiek belaunaldi-aldaketarako joera dakarte, klase sozialaren eta ideologiaren araberako filtroekin batera. XX. Batzorde Zentraleko kideen %80 1960. urtearen ostean jaioak izango dira. Pixkanaka, politika liberalen sasoia bakarrik ezagutu duten kidez osatuta egongo da erakundea.
%96,9 Den Xiaopingen 1978ko erreforma kapitalistaren ondoren sartu ziren Alderdian. Kideen batez besteko adina 52,2 urtekoa da, eta %59,7k 55 urte baino gutxiago dituzte. Eskulangileen zein nekazarien ordezkari batzuk sinbolikoki dauden arren, %95,4k unibertsitate-titulua dute, eta erdiak baino gehiagok maisu-titulua. Hautaketa-prozesu zorrotzen pean, ordezkariak Alderdiaren oinarriko erakundeetatik hautatuak izan dira. Kide horiek aristokrazia moduko bat osatzen dute Txinako gizartearen barruan, eta erakundearen hierarkian igotzea ibilbide profesionalean zein estatus sozioekonomikoan bermeak eskuratzeko modu onena izaten da.
Gauzak horrela, lehiakortasun handia egon ohi da Alderdian postuak eskuratzeko. Hala ere, lehiakortasuna are konplexuagoa bihurtzen da kongresu-garaian. Ordezkariek Batzorde Zentralaren aukeraketan moduren batean edo bestean parte hartzeak lehiakortasunerako tarte bat sortzen duela egia bada ere, boto horiek "zigortzeko" erabili ohi direla azaldu du DLGk. Hautagaiak eserlekuak baino gehiago diren arren, hautagai guztien %15 baino ez dira kanpoan geratzen. Benetako lehia, berriro ere, izendapenetan dago: "Behin izendatuta, nahiko zaila da aukeratua ez izatea", DLGren hitzetan.
Formalki, ordezkariek beren hautagaiak izenda ditzakete, baina aurretik azaldu moduan, ez da hautaketa-prozesu erreal bat; Batzorde Zentralak ezarritako orientazioaren luzapena delako eta kanpaina politikoak egitea debekatuta dagoelako. DLGk azaldu duenez, "Kongresu Nazionalean egiten den hautaketa ez da kanpainako programa eta promesekin hainbat proposamen politiko lehiatzen diren lasterketa bat". Kontrara, bertako norabidea Batzorde Zentralean ebazten da, eta han gauzatu ohi da Alderdiko barne-fakzioen arteko lehia.
Barne-korronteren batek ildo ofizialari aurre egin nahiko balio, lehenik eta behin, Batzorde Zentralean borroka irabaztea lortu beharko luke; bestela, Kongresu Nazionaleko ordezkari gisa debekatuko lirateke kide horiek. Dena den, ekimen horiek Diziplina Kontrolerako Batzorde Nagusiaren zigorra jasotzeko arriskua dutenez, kontu handiz gauzatu ohi dira.