AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/16 14:32

Mobilizazio eguna izango da abenduaren 30a, ostirala, Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa). Izan ere, proletalgoaren kontrako ofentsiba jopuntuan jarriz agurtuko dute 2022. urtea bost hiriburu horietan: mobilizatzera deitu dute lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek, bizitzaren garestitzea salatzeko, proletalgoaren aurkako ofentsibaren erantzuleak seinalatzeko eta, horren guztiaren aurrean, autodefentsa sozialista antolatzera deitzeko. Aurrerago zehaztuko dute zein ordutan eta zehazki non hasiko diren bost mobilizazioak.

"Bukatzear den urtea ez da samurra izan langileriarentzat, bizitza etengabe garestitu baita. Oinarrizko elikagaien eta energiaren eta gasaren prezioa, langabezia, etxebizitza lortzeko ezintasuna eta abar soldaten jaitsieraren ezaugarriak dira", azaldu dute Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Iruñerriko eta Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek, elkarrekin argitaratutako adierazpenean. "Krisialdi ekonomikoaren testuinguruan, enpresariek beraien irabaziak handitzeko harturiko erabakien ondorio da" bizitzaren garestitzea, Kontseilu Sozialistek ohartarazi dutenez: "Burgesiarentzat, krisi kapitalista etekina ateratzeko modu bat gehiago da, proletalgoaren bizi baldintzen aurkako ofentsiba bat".

Ofentsiba horren beste erantzule batzuk ere seinalatu dituzte oharrean: "Erasoaldi horren parte dira politikari profesionalak eta beraien instituzioak ere. Erakunde publikoen politikak enpresarien finantzazioaren menpekoak direnez, jabedunen etekinak bermatzeko eta handitzeko beharrezko neurriak ezartzen dituzte; lan erreformak, doakoak ziren zerbitzuetan tasa berrien ezarpena, eta abar". Kontseilu Sozialistek salatu dute, gainera, politikari profesionalek "langile klasearen pobretzea eragingo duten erabakiak hartu" eta, aldi berean, "pobrezia horren kriminalizazioa bultatzen" dutela. Adibide modura aipatu dute "okupazioaren zein lapurreta txikien kontrako zigorren gogortzea".

Autodefentsa eraginkorra antolatzeko premia

"Langileon bizi baldintzen aurkako ofentsiba", hain zuzen, "langileriaren antolakuntza politiko independentea desagerrarazia dagoen testuinguru" batean gertatzen ari dela nabarmendu dute Kontseilu Sozialistek: "Erasoaldiari aurre egiteko erreminta falta daukagu; etxejabeen aurrean, nagusien aurrean, Estatuaren burokraziaren aurrean eta abar". Hortaz, "urgentziazko zeregin" modura azpimarratu dute "proletalgoaren autodefentsa eraginkorra antolatzea". "Burgesiarentzat krisialdia gainditzeko modua langileon esplotazioan sakontzea bada, langileok beste aukera bat daukagu: eraso horien guztien aurka autodefentsa sozialista antolatzea eta borroka hori kalitatezko bizi baldintza unibertsalak bermatuko dituen Estatu Sozialistaren norabidean jartzea", gaineratu dute.

Laneko Autodefentsa Sareen eta Etxebizitza Sindikatuen loraldia

Azken asteetan, Kontseilu Sozialistek Euskal Herriko hainbat eskualde eta hiriburutan eman dute autodefentsa sozialista antolatzera bidean egindako azken urratsen berri: Laneko Autodefentsa Sare eta Etxebizitza Sindikatu ugari jarri dituzte martxan Kontseilu Sozialistek. Hala nola, Laneko Autodefentsa Sareak sortu dituzte Bidasoan, Urola Kostan, Urola Erdian, Gasteizen, Goierrin edota Lea-Artibain, eta Etxebizitza Sindikatuak, esaterako, Deba Bailaran, Buruntzaldean, Goierrin, Iruñerrian, Bilbon, Tolosaldean edota Donostian.

EZ DAGO IRUZKINIK