AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @324cat
2019/09/18 19:38

Jendaurreko ikustaldian Altsasuko gazteei ezarri zizkieten zigorrak (bi urtetik hamahiru urtera bitartekoak) berrikusi ditu gaur, asteazkena, Espainiako Auzitegi Gorenak. Defentsak gazteen errugabetasuna eta akusazioaren froga falta aldarrikatu ditu; eta akusazioak, berriz, berretsi du Guardia Zibilak eta haien bikotekideak "motibazio ideologikoak" gidatuta eta "zirenak zirelako" jipoitu zituztela.

Zigorrak berrikusteko jendaurreko ikustaldia egiteko, auzian gailendu den proportzionaltasun eza salatu du auzipetuen defentsak, baita errugabetasun printzipioa urratu izana ere. Horretaz gain, epaitutako gazteak identifikatzerako garaian "irregulartasunak" izan direla adierazi dute abokatuek.

Aparteko kasua

Prozedura hasi zenetik izan diren beste hainbat irregulartasun ere salatu ditu altsasukoen defentsak. Gazteak "epaile inpartzial batek" epaitzea eskatu dute abokatuek, hainbat eskubide urratu direla argudiatuta. Bestalde, taldeko ezagutze-saioari dagokionez, ustez jipoitutako agenteek agente ikertzaileekin "komanditan" egin zutela adierazi dute, "elkarrekin".

"Guardia zibilek eta haien bikotekideek erasotzailea ilehoria, azal zurikoa eta begi urdinekoa zela esan zuten, eta hura identifikatzeko lanetan, berarekin batera jarritako argazkietan agertzen zirenak azal ilunekoak eta beltzaranak ziren, eta, gainera, ez ziren Altsasukoak", adierazi du adibidez Oihan Arranz akusatuak.

Fiskaltzak puntuz puntu erantzun die defentsaren argudio guztiei, kasua modu erregularrean aurrera egin duela azpimarratuz. COVITE akusazio partikularrak ere fiskaltzaren argudio berak erabili ditu.