Herenegun izan zen Durangoko (Bizkaia) eta Elorrioko (Bizkaia) aire-bonbardaketen 88. urteurrena. Izan ere, 1937ko martxoaren 31n, Espainiako Estatuan "gerra zibila" deiturikoan, Durangoren eta Elorrioren kontra jo zuten indar faxistek: bi herriak bonbardatu zituzten Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek, frankistekin lankidetzan, eta metraileta bidezko erasoak ere egin zituzten. Zenbait iturriren arabera, Logroñotik abiatutako gerra-hegazkin alemaniar batzuek ere parte hartu zuten.
Denera hiru erasoaldi izan ziren egunean zehar (goizean goiz, arratsaldea hastean eta azken orduan), 250 eta 340 pertsona artean erailez eta sekulako suntsiketa eraginez. Gernikaren (Bizkaia) aurkako erasoa baino hiru aste lehenago izan ziren Durangoko eta Elorrioko bonbardaketak, eta adituek azaldu izan dute esperimentu moduko bat izan zirela faxistentzat, bonbardaketa bidezko esku-hartze militarrak probatzeko. Gizarte zibilaren kontra jotzeaz gain, errepide bidezko komunikazioa moztea omen zen helburua.
Egun berean, 1937ko martxoaren 31n, hainbat kargudun errepublikano fusilatu zituzten falangistek Gasteizen (Araba), La Pazeko espetxetik aterata. 1937ko udaberrian, hain zuzen ere, erasoaldi gogorra egin zuen bando faxistak Emilio Molaren gidaritzapean, eta uda hastean Bilbo (Bizkaia) hartzea lortu zuten.
Atzo eta gaur, faxismoa borrokatu
Bonbardaketen 88. urteurrenean, gertatutakoa gogora ekarri eta hildakoak oroitu ditu Durangaldeko Kontseilu Sozialistak, eta "atzoko eta gaurko faxismoaren aurrean, langile-boterea eraikitzera" deitu du. Durangaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) gogoratu du, Lehen Mundu Gerraren osteko krisian, "faxismoak indarra hartu" zuela eta "erregimen faxistak hedatu" zirela Europa osoan. "Krisi garaietako egoera ezegonkorra baliatuz, beraien programa baztertzailea zabaltzea da faxismoaren ezaugarrietako bat. Burgesiarentzat funtzionala den aterabide erreakzionarioa da", seinalatu du.
Horri lotuta, GKSk beharrezkotzat jo du "irakaspen historiko eta politikoak ateratzea" eta gaur egun "zabaltzen ari den faxismo berria identifikatzen jakitea", horri aurre egin ahal izateko. Gaineratu duenez, "bonbardaketetako biktimak omentzeko modurik onena" da "faxismoaren aurkako borrokarekin jarraitzea".