AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bizkaiko metalgintza sektoreko langileak gaur, BEC aurreko elkarretaratzean. Argazkia: Barakaldo Digital
2019/06/06 19:21

Gaurko, ekainak 6, Bizkaiko metalgintza sektorean greba deialdia egina zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Langileak 11:30ean elkartu dira BEC (Barakaldo, Bizkaia) kanpoaldeko zabalgunean, Bizkaiko patronala bertan bilduta zegoela aprobetxatuz.

ELAk adierazi duenez, grebaren jarraipena %85 ingurukoa izan da gaur, maiatzaren 23an baino altuagoa. Hala, Bizkaian erreferente diren enpresa handien ekoizpena gelditzea lortu dute beharginek, baita enpresa txikiena ere. Bizkaiko patronalaren eta Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioaren (FVEM) jarrera "etsigarria" dela gehitu dute.

Sindikatuek lanuzteak deitu dituzte biharko ere, eta mobilizazioekin bat egiteko deia luzatu die langileei. Manifestazioa izango da Bilbon (Bizkaia), 11:30ean Jesusen Bihotza plazatik hasita.

Metalaren hitzarmena berritzeko negoziazioetan murgilduta daude sindikatuak eta Bizkaiko patronala. Ekainaren 17rako adostasunik lortu ez badute, beste greba deialdi bat egingo dutela jakinarazi dute sindikatuek, ekainaren 20rako eta 21erako.