AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Kaleratzeak Stop Donostia
2022/10/13 11:45

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, Usurbilen (Gipuzkoa), etxegabetua izateko arriskuan dago 80 urteko andre bat. Asteartean Donostian (Gipuzkoa) egindako mobilizazio baten bidez eman zuten kasuaren berri: emakumeak guztiz ordainduta du bere etxebizitza, baina semearen abal-emaile modura dago izena emanda; 60.000 euroko hipoteka-mailegu bat eskatu zion hark Reno Amusement mailegatzaileari. Amak guztiz ordaindutako etxea zen mailegu horren bermea, eta Kaleratzeak Stopen esanetan, mailegu-emaileak "epemuga aurreratuaren abusuzko klausulak" jasotzen zituen baldintzetan.

Gaur egun hilik dago mailegu hori eskatu zuen semea. Dena den, hari ezarritako kuotak hirugarrenez ordaindu gabe geratu zirenean, esku hartu zuen Reno Amusementek: hipoteka betearazteko eskaera bat egin zuen, abal-emailea bere etxetik kanporatzeko prozedura irekiz. 2021eko apirilean jaso zuen horren jakinarazpena emakumeak; hain justu, bere etxea enkantean aterako dutela adierazi zioten.

Hipoteka-betearazpenari helegitea jarri zion Kaleratzeak Stopeko abokatuetako batek, maileguari lotutako baldintzetako klausulak "abusuzkuak" direla argudiatuta; batez ere, epemuga aurreratuari buruzkoak. Epaileak, baina, ez du helegitea onartu. Une honetan, beraz, etxegabetze arriskuan dago 80 urteko emakumea.

Plataformatik epaitegiei eskatu diete, behintzat, mailegu-emaileak jakinarazi dezala ea, gaur egunera arte, zehazki zein den ordaindu gabeko kuoten zenbateko osoa. Izan ere, momentuz, semeak eskatutako maileguaren zenbateko osoa —60.000 euro— da ezagutzen duten bakarra, eta ez zorraren edo gerora ordaindu gabeko kuoten zenbatekoa.

Halako kasuak ohikoak direla salatu du Kaleratzeak Stopek; alegia, ohikoa dela dagoeneko erretiroa hartuta dauden abal-emaile adinduak etxegabetuak izateko arriskuan egotea, haien etxebizitzak daudelako seme-alabek eskatutako maileguen berme modura.

EZ DAGO IRUZKINIK