AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The White House (X)
2025/07/08 10:17

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazako 600.000 palestinar Rafahko hondakinetan kontzentratzeko plana aurkeztu dio Donald Trumpi, Israelgo Estatua eta Hamas Dohan su-etena negoziatzen ari diren aldi berean. Netanyahuren arabera, "hiri humanitario" gisa izendatutako kontzentrazio-esparrua Israelen zaintzapean egongo litzateke, eta "nazioarteko erakundeek" kudeatuko lukete, gazatarrei "etorkizun hobea" emateko helburuarekin.

Israel Katz Defentsa ministroak onartu du, ordea, neurriak palestinarren "borondatezko" emigrazioa sustatzea duela helburu. Bestalde, Trumpek ziurtatu du "hainbat herrialderekin akordioak lortzetik gertu" daudela, "Gazatik alde egin nahi duten palestinarrak har ditzaten".

Plana bat dator Netanyahuk Etxe Zurira egindako bisitarekin eta Qatarko zeharkako negoziazioei berriro ekitearekin, eta kontzentrazio-esparrua su-etenak iraun bitartean eraikitzea aurreikusten du, Israelen bonbardaketek suntsitutako eremu batean. "Gazako Fundazio Humanitarioa" (GHF), AEBek eta Israelgo Estatuak berak babesten dutena, elikagaien banaketaz eta kudeaketa logistikoaz arduratuko litzateke eremuan, nahiz eta gaur egun GHFk kudeatzen dituen zentroetan ehunka palestinar erail dituen Israelek gosearen ilaretan, iturri medikoen eta nazioarteko agentzien arabera.

Kan Israelgo kanal publikoak jakitera eman duenez, sionistek Gazan eraiki nahi duten kanpamentu berrirako sarrera eta irteera "zorrotz kontrolatuta" egongo lirateke, eta Israelgo Armadak "segurtasun perimetrala bermatuko luke".

"Ghettoa"

Nazio Batuen Erakundeak eta gobernu arabiarrek errefusatu egin dute Netanyahuren eta Trumpen azken proposamena; izan ere, "ghettotzat" jo dute, ohartaraziz nazioarteko zuzenbidea urratzen duela eta beste urrats bat izan daitekeela palestinarrak euren lurretatik indarrez kanporatzeko bidean.

Bitartean, milaka familia gazatar ihesera jota eta muturreko baldintzetan daude, Dohako negoziazioek su-etena eta laguntza humanitarioa eskala handian sartzea ahalbidetuko ote duten zain, populazio fameliko eta mutilatu bat elikatzeko eta sendatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK