AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Margarita Robles, Defentsa Ministerioko burua.
2025/01/24 18:58

2024ko abenduaren 31n Tortuga Talde Antimilitaristak eta Juan Carlos Roisek aurkeztutako balantze baten arabera, Espainiako Estatuaren gastu militarra 60.000 milioi eurotik gorakoa izan zen iaz, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %5etik gorakoa. Datu horiek ez datoz bat erregistro ofizialekin, "defentsarako" gastu gisa BPGaren %1 baino ez baitute aitortzen (14.000 milioi euro inguru eta 2.000 milioi armamentu-programa berezietarako). Txostenak dioenez, desberdintasuna hainbat ministeriotan sakabanatutako partidetatik eta aurrekontuz kanpoko transferentzietatik dator, eta benetako inbertsioa nabarmen handitzen du horrek.

Aitortutako ezohiko gastuak etengabeak izan ziren 2024an, 2.714,32 milioi euroko igoera bat izan baitzen guztira hasierako aurrekontuarekin alderatuta, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren (IGAE) datuek erakusten dutenez. Gainera, azaroan eta abenduan gutxienez 1.293,16 milioi euro gehiago onartu zituzten gastu militarretan, eta kontzeptu hori ez da modu gardenean islatzen kontu publikoetan. Espainiako Estatuak, azterketaren egileek diotenez, epe luzerako kreditu-handitzeetara eta zor-konpromisoetara jotzen du, eta horiek bikoiztu egin dezakete gaur egun Defentsa Ministerioak daukan zor erraldoia: 40.000 milioi euro baino gehiago dira. Azpiegitura eta baliabide ukiezin militarretan egindako inbertsio errealak batuz gero, Defentsako gainkostua aurrekontuan aurreikusitakoa baino %44,6 handiagoa izan daiteke.

Defentsako gainkostua aurrekontuan aurreikusitakoa baino %44,6 handiagoa izan daiteke

Gastuaren zifra orokorraz haratago, gastu-eredu horren iraunkortasunik eza eta zor publikoan duen eragin handia azpimarratzen ditu txostenak, 1,57 bilioi eurotik gorakoa baita zor hori. Interesak ordaintzen direla frogatu da, urtean gutxienez 32.000 milioi eurokoak, eta armak eskuratzeko hainbat urterako egiten diren gastu-konpromisoek gurpil zoro bat sortzen dute, zorpetzean oinarrituta. Gastu militarra lehenesteak beste partida sozial batzuk baztertzen ditu, eta finantza publikoen krisia areagotzen du, gero eta baliabide gehiago bideratzen baitituzte egitura militar gaindimentsionatu batera. Gainera, sektoreko enpresa publikoen erreskatea sarri kritikatu da, hala nola Navantiarena: 2024an 450 milioi euro gehiago eskatu zituen, eta horrek are gehiago garestitu zuen administrazio publikoarentzat zekarren kostua.

[Espainiako Gobernuak] 2024an, 1.753,22 milioi euroko gastua izan du misio militarretan, eta Ukrainako gerrari etengabeko laguntza logistikoa eta ekonomikoa ematen dizkio

Bestalde, harago ere badoa ikerketa, eta zalantzan jartzen ditu PSOEren eta Sumarren gobernuaren jarrera eta NATO bezalako nazioarteko erakunde militarren jarraibideekiko daukan atxikimendua. Gertakari aipagarrienen artean dago Espainiako Estatuak kanpo-gatazketan daukan parte-hartze aktiboa: 2024an, 1.753,22 milioi euroko gastua izan du misio militarretan, eta Ukrainari etengabeko laguntza logistikoa eta ekonomikoa ematen dizkio gerran. Era berean, txostenean aipatzen da gobernuak gatazkan dauden herrialde batzuei (Israelgo Estatuari, esaterako) armamentua erosten eta saltzen diela, nahiz eta behin baino gehiagotan ukatu duen.

Aurkeztutako datuek agerian uzten dute diskurtso ofizialarekin kontraesanean dagoen errealitatea: gobernuak Israelgo Estatuaren indarkeria salatzen duen bitartean eta 2023ko urrian armen salmenta eten zuela dioen bitartean, ikerketak erakusten du estatu sionistarekin negozioa egiten jarraitu duela: 1,1 milioi eurotik gorako salmentak egin dizkio, eta 7,9 milioi euroko erosketak.

[Espainiako Gobernuak] 1,1 milioi eurotik gorako salmentak egin dizkio [Israelgo Estatuari], eta 7,9 milioi euroko erosketak
EZ DAGO IRUZKINIK