AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Le Parisien
2023/07/25 17:36

Joan den uztailaren 19an egin zuen jakinarazpena Eric Dupond-Moretti Frantziako Justizia ministroak, eta eskandaluzkoak dira argitara emandako datuak: Nahelen hilketaren ondorioz Frantziako Estatu osoan hedatu ziren protesten harira, 1.000 lagun baino gehiago kondenatu dituzte, eta oraingoz 600 sartu dituzte espetxean.

Azken asteetan 1.278 sententzia eman dituzte epaileek, eta ia kasu guztietan (%95) jarri dizkiete zigorrak protestei lotuta epaituei: 1.056 pertsonari ezarri dizkiete espetxe-zigorrak. Horietatik 742 dira zigor finkoak, batez beste, 8,2 hilabetekoak. Auzipetutako lagunetatik 905 behartu dituzte epailearen aurrean berehala aurkeztera.

Polizia-agente batek ekainaren bukaeran hil zuen Nahel izeneko gazte adingabe bat, Nanterren (Parisko mendebaldean) jarritako polizia-kontrol batean. Erailketak haserrea sortu zuen lurralde ugaritan, eta hainbat egunez izan ziren protestak estatu osoan zehar. Orotara, ia 4.000 pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.

Snapchata eta gurasoak ere jopuntuan

"Zigorrak eginda daude", esan du ministroak. Adierazi du, gainera, kondenen bidez bazutela asmoa "gazteei gogorarazteko Snapchat ez dela gordeleku bat" eta "kontuak erotu" ditzaketela; "hau da, bi gaztek dei egiten dutenean hitzordu bat jartzeko eta jomuga bat zehazteko, aurkitu ditzakegu". Protesta-dei ugari Snapchat bezalako aplikazioen bidez zabaldu direlako egin ditu adierazpen horiek.

Protestetan atxilotutako gazteak zigortzeaz gain, haien gurasoak seinalatu ditu gobernuak, euren seme-alaben ekintzetan duten ardurari edo erantzukizunari azpimarra eginda. Ministroak baieztatu du egon, egongo direla gurasoen kontrako prozedura judizialak, zehaztapenik eman ez badu ere.

Ehunka kartzelaratze 2005ean

2005. urtean, Clichy-sous-Boisen erail zituen bi gazte poliziak. 15 eta 17 urteko bi nerabe jazarri zituzten hainbat polizia-agentek, ustez egindako lapurreta batengatik. Dirudienez, haiengandik ihes egiten ari zirela, elektrizitate-azpiestazio batera igo behar izan zuten gazteek, eta elektrokutatuta hil ziren.

Orduan ere Frantzia osoan barrena hedatu ziren polizia-bortizkeriaren eta arrazakeriaren kontrako protestak, eta hiru astez luzatu ziren istiluak. Berriki gogorarazi dutenez, garai hartan 4.728 pertsona atxilotu zituzten mobilizazioetan, eta horietatik 400 laguni jarri zizkieten kartzela-zigorrak.

EZ DAGO IRUZKINIK