AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/08 12:56

2025ean, 60 urte beteko ditu Larrabetzuko (Bizkaia) Hori Bai Gaztetxeak. "Gogoz eta ilusioz ekin diogu aldarrikatzeko, ospatzeko eta birformulatzeko izan nahi duen urte honi", diote bertako kideek: "Kezka, ikuspuntu, interes eta parte hartzeko modu berriak dakartza dugun asanblada berritu eta indartsuago honek". Jakinarazi dute, hain justu, horren isla modura antolatzen ari direla egitarau oparo bat, Hori Bairen 60. urteurrenari lotuta: erakusketa bat, Hori Blaituz asteburua, Hori Bai Eguna eta Larrabetzuko Gazte Eguna izango dira aurten, esaterako.

Nabarmendu dute, 1965etik, "belaunaldi ezberdinetako gazteok elkartzeko leku bat" dela Gaztetxea; "kolektiboan pentsatzen ikasteko toki bat, autogestioaren kulturan hezteko espazio bat, antolakuntza politikorako eskola bat, herriko eragile eta norbanako ezberdinentzako aterpe bat, euskaraz aritzeko gune bat, Euskal Herriko hamaika musika talderentzako plaza bat, herri osoarentzat aisialdi eredu alternatibo bat, memoria ariketa bat eta zapalkuntza ororen kontra askatzailea izan nahi duen espazio bat".

Gogoan izan dute, dena den, guztia ez dela "polita eta samurra izan Hori Bairen ibilbidean": "Ezin ditugu gogora ekarri gabe utzi Elizaren eta EAJren eraiste eta etxegabetze mehatxuak". Hala ere, horren guztiaren aurrean, "herriak erakutsitako kemen, elkartasun eta antolakuntza ere" oroitarazi dituzte. Horregatik guztiagatik, datorren urteurrena "ospatzeko momentua" delakoan daude, "baita Hori Bai bezalako espazioen beharra aldarrikatzekoa ere": "Azkenaldian Gaztetxeak jasaten ari diren jazarpen eta erasoen aurrean, logika kapitalistatik kanpo antolatzen diren espazioen beharra aldarrikatu nahi dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK