AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irutxuloko Hitza
2024/03/15 08:37

Atzo goizean, goizeko 08:00etan hasita, sekulako polizia-operazioa izan zen Martutenen (Donostia, Gipuzkoa). Etxe okupatu batean bizi dira 56 pertsona, eta euren kontra jo zuten polizia-indarrek; esku-hartzean parte hartu zuten Donostiako Udaltzaingoak, Ertzaintzak nahiz Espainiako Poliziak. Euren esanetan eta Irutxuloko Hitza-k jaso duenez, atzerritartasun bulegoarekin loturiko operazio bat izan zen.

Ia 60 lagunek bizitoki modura erabiltzen duten eraikin okupatutik bota eta identifikatu zituzten. Horietatik 29, gainera, Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten, bridazko eskuburdinak jarrita. Haiek "identifikatzea" omen zen polizien asmoa, atzerritartasunarekin lotutako tramiteak egiteko.

Operazioan identifikatutako pertsona gehienei aurrez prestatutako zitazio batzuk erakutsi omen zizkieten. Jazarria izan zen lagunetako batek Irutxuloko Hitza-ri azaldu zionez, "oso txarra" izan zen Poliziaren jarrera: "Eserita egotera behartu gaituzte eta, gure artean hitz eginez gero, oihuka hasten ziren". Bertan izan ziren zenbait ekintzaile antiarrazistaren esanetan, "fitxaketa-operazio masibo bat" izan zen, eta "gaizkile gisa tratatu" zituzten denak. "Animalien moduan tratatu dituzte", esan zuten.

Eraikin okupatuan bizi diren pertsonen artean "liskar larriak" izan direla hartu du aitzakiatzat udalak operazioa justifikatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK