AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @NovaltiaGreban
2021/01/14 11:34

Gaur, urtarrilak 14, 550. greba eguna dute Novaltia farmazia-enpresako Bizkaiko langileek, eta bigarren egunez elkartu dira Bilboko (Bizkaia) Blanco Arce farmaziaren aurrean, lan-baldintza eta lan-hitzarmen duinak aldarrikatzeko. 2019ko uztailaren 22an ekin zioten greba mugagabeari, hain zuzen, hitzarmen "berri eta duin" baten defentsan. Urtarrilaren 22an manifestazioa egingo dute, 10:00etan Bilboko Bide Nagusiko 85. zenbakitik hasita.

Langile batzordeko kideen arabera, hogei dira urte eta erdi greban daramaten beharginak, langileen %40. Besteak beste, salatzen dute 2019an ez zutela lan-hitzarmen berri bat lortu, eta aurrekoa luzatu beharrean, Espainiako Estatukoa ezarri zietela, ustez, indarrean den arautegia bete gabe. Gainera, hasieratik eskatu dute 900 eurotik gorako soldatak izatea eta langileen arteko soldata-arrakala ezabatzea. "Novaltiako farmaziak dira gure miseriazko soldaten arduradunak", esan dute.

Greba eskubidearen urraketa

Novaltiako Bizkaiko beharginek salatu dutenez, enpresak aldi baterako langileak kontratatu ditu, hain zuzen, greban dauden langileak ordezkatzeko. "Lan Ikuskaritzak ez du ezer egin horren aurrean", adierazi dute grebalariek.

Horrez gain, jakinarazi dute Novaltiako zuzendaritzak urtebete baino gehiago daramala negoziatzeko borondaterik gabe. "Gure greba eskubidea urratzen ari dira", diote.