AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/17 10:32

Frantziako Estatuan gehiago dira bozkatzen ez duten biztanleak, bozkatzen dutenak baino. Hala diote datuek: %52,49ko abstentzio-tasa erregistratu zen joan den ekainaren 12ko hauteskunde legegileen lehen itzulian, eta %54koa bigarrenean. Ez da hain parte-hartze baxurik izan 1958tik indarrean den egungo sistema konstituzionaleko historia osoan.

Hori gutxi balitz, gogoan izan behar da Frantziako Estatuko hauteskunde legegileetako abstentzioak bi hamarkada daramatzala marka historikoak bata bestearen atzetik eta erritmo bizian hausten, eta hiru hamarkada jarraian, berriz, igoera jarraikorrekin. 2002an errekorra hautsi zuen %39,7ko tasarekin, eta 2007an, %40koarekin gainditu zuen aurrekoa. 2012an %42,8ko maximoa markatu zuen, eta 2017ko lehen itzulian are gehiago egin zuen gora, %51,3koa izan baitzen orduko abstentzio-tasa. Azken emaitzak, %52,49ko tasarekin, joeran berean sakontzen du.

— Ikusi behean txertatutako 1. grafikoa —

Politika parlamentarioarekiko interes falta ez du berriki izan diren hauteskunde presidentzialetako "hauteskunde-neke" hipotetikoak eragin, bistan denez. Emaitza horien azalpena ez datza faktore koiunturaletan, kontrara, joerak aspaldi azaleratzen hasi ziren arrazoi estrukturalak ditu; bai aurretik aipatutako zifretan, bai eta bestelako hauteskunde-modalitateetan ere. Azken hauteskunde presidentzialetan, esate baterako, 1969tik izandako abstentzio-mailarik handiena izan zen: %28,01ekoa. 2020an, eskualde zein departamentuetako hauteskundeetan, %66ko abstentzioa izan zen. Frantziako Estatuko hauteskunde guztietako zifrarik altuena izan zen hori, 2002ko erreferendum bat salbuetsita.

Botoa, klase-estratuka

Boto-emailearen profil sozioekonomikoa gero eta zehatzagoa da Frantziako Estatuan: erosahalmen zein ikasketa-mailarik altuenak dituzten biztanleak eta baldintza bereko erretiratuak. Gainera, Emmanuel Macron izan ohi da multzo horren hautagairik gogokoena. Abstentzioa, kontrara, gazteen, langile klasearen geruza xumeenen nahiz ikasketa-mailarik baxuenak dituzten horien artean gailentzen da.

Zentzu horretan, alderdi bakoitzaren hautesle-oinarriari kualitatiboki erreparatuz gero, konturatuko gara abstentzioaren igoerak Marine Le Penen ultraeskuinari eragiten diola kalte gehien, bere hautesleak ikasketa-maila baxuko langile "nazionalak" baitira. Zertxobait gutxiago kaltetzen du Jean-Luc Mélenchonen ezkerra, haren oinarri soziala goi-mailako ikasketaduna eta errenta maila ertainekoa baita. Bestalde, Emmanuel Macronen Esemble alderdia da abstentzioa gutxien somatzen duena. Aipatutako joerek gezurtatu egiten dute Frantziako Estatuko ezkerrak hauteskunde sasoian abstentzioaren aurka darabilen diskurtsoa.

Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatuaren lurralde administratiboaren mapa hartu, eta pobrezia- nahiz abstentzio-tasen emaitzak gurutzatuz gero, klase-osaketak hauteskundeetako parte-hartzean zeresan zuzena duela berresten da. Frantziako Estatistika eta Ikerketa Ekonomikoen Institutu Nazionalak 2020an argitaratutako datuen arabera, Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoko eskualdeko pobrezia´-tasa %12,2 ingurukoa zen 2017an; Frantziako Estatuko batez bestekoa baino bi puntu txikiagoa. Bada, %48,7koa izan da azken hauteskundeetako lehen itzuliko abstentzio-tasa Ipar Euskal Herrian, estatuko batez bestekoa baino 3,79 puntu baxuagoa.

Bigarren itzulian, berriz, hautetsontzietarako deia jaso dutenen artean, %51,39 etxean geratu dira, lehen itzulian baino 2,69 puntu gehiago, eta estatuko batez bestekoa baino 2,61 gutxiago. Ipar Euskal Herriko pobrezia-tasa Frantziako Estatuko baxuenen artean egonik ere, abstentziorako joera orokorrak aurrera darrai han. 2022ko hauteskunde legegileetako lehen itzuliko parte-hartzea, esate baterako, %2,5 jaitsi da aurreko emaitzekin alderatuta.

— Ikusi behean txertatutako 2. grafikoa —

Pobrezia eta abstentzioa, lurraldeka

Eskala geografiko zabalagoan, ondokoak dira pobrezia-tasarik altuenak dituzten lurraldeak Frantziako Estatuan, handienetik txikienera: "itsasoz gaindiko eskualde" deituriko koloniak, Parisko Saint-Denis barrutia eta haren ipar-ekialdeko aldiriak, Korsika, hego-ekialdeko kostaldea, eta, neurri apalagoan, Belgikarekin mugakide den iparraldea. Oro har, lurralde horiek bat datoz azken hauteskunde legegileetan abstentzio-mailarik altuenak erregistratu dituzten eremuekin.

— Ikusi behean txertatutako 3. grafikoa —

EZ DAGO IRUZKINIK