AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Jose María Álvarez-Pallete. ARGAZKIA / Público
2023/12/05 10:38

Telefónica enpresak enplegu-erregulazioko espediente handi bat sartuko du indarrean, milaka langileri eragingo diena Espainiako Estatuan. Espediente horren bidez, aldaketak ezarriko ditu "soberakin funtzionalari" dagokionez; alegia, "soberan" dagoen lan-eskuari dagokionez. 2026ra bitartean, 5.124 behargin egon daitezke aldaketa horiek jasateko arriskuan Telefónicaren hiru filialetan; zehazki, 4.085 Telefónica Españan, 958 Telefónica Móvilesen eta 81 Telefónica Solucionesen.

Hiru filial horietan, guztira, 16.000 langile aritzen dira Espainiako Estatuan. Beraz, enpresak mahaira atera duen enplegu-erregulazioko espedienteak langileen herenei eragingo die, horiek guztiak jo baititu "soberakin funtzionaltzat" enpresak. Hego Euskal Herrian, 291 behargin egon daitezke arriskuan neurria dela-eta; 255 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 36 Nafarroan.

UGT sindikatuak esan du askotariko neurriak jasan ditzaketela "soberakin funtzionaltzat" jotako langileek: "birkualifikazioa eta jardueraz aldatzea upskilling-en edota reskilling-en bidez, internazionalizazioa edo bajak berak". Enpresak "borondatezko kaleratze kolektiboak" sustatuko ditu orain, baina berak nahi duen irteera-kopurura heltzen ez badira, ez du argitu nola jokatuko duen. Gainera, ziurra da kaleratze masibo bat izango dela aipatutako hiru filialetan. Itxura denez, 1968an edo lehenago jaio diren eta hamabost urtetik gorako antzinatasuna duten beharginak botako dituzte lehenengo.

Orain, negoziazio-mahaian, kaleratzeak "ahalik eta gutxien" izan daitezen eta "baldintzarik onenetan" gerta daitezen saiatuko omen dira sindikatuak. Abenduaren 11n izango da enpresako zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko hurrengo bilera.

Enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko negoziaketak bat egingo du, hain zuzen ere, hitzarmen kolektiboari buruzkoarekin. Ituna luzatzen saiatuko dira sindikatuak (abenduaren 31n agortuko da), baina mehatxu argi bat egin du enpresak: zalantzan jarri du hitzarmenaren berritzea, orain izango diren negoziaketetan adostutako kaleratze masiboa ez bada berak nahi duen tamainara iristen.

EZ DAGO IRUZKINIK