Mikel Salegi donostiarrak 21 urte zituen Guardia Zibilak kontrol batean erail zuenean. 1974ko abenduaren 18an izan zen, eta bihar beteko dira 50 urte. Mikel etxera zihoan autoan goizaldean, hainbat lankiderekin, gaizki seinaleztatutako polizia-kontrol batekin topo egin zutenean Errekalden. Hiru kotxe zihoazen batera, baina euria zela-eta, ez zuten kontrola ondo ikusi. Lehenengo bi autoak geratu ostean, hirugarren kotxearen kontra tiro egin zuten agenteek, eta balaz josi zuten Mikel: hemezortzi balak harrapatu zuten.
Guardia Zibilaren momentuko erantzuna izan zen bala-zorroak gordetzea, Mikelekin zihoan gidaria atxilotzea eta autoa eramatea. Bera lurrean botata utzi zuten, eta lankideak izan ziren gaztea altxatu eta ospitalera eramaten saiatu zirenak. Espainiako Poliziaren auto batek, ordea, atxiki egin zituen eta ez zieten hamar minutu igaro arte joaten utzi, odolusten ari zenean. Azkenean ospitalera alde egiten laga zietenerako, beranduegi zen.
Senideak ospitalera bertaratu zirenean, ez zieten utzi Mikel ikusten: atzeko atetik irtenda eraman zuten Polloeko hilerrira. Bere familia hara joan zenean, Poliziak erabat hartuta zeukan. Ez zieten laga nahi gaztearen gorpua ikusten, eta autopsiarik egin gabe ehortzi nahi zuten agenteek. Azkenean, lortu zuten autopsia bat egitea, eta horrela aurkitu zuten hemezortzi balak jo zutela.
Hori guztia gutxi balitz, Mikelen hileta ere izugarria izan zen. Elizan bertan atxilotu zituzten hainbat lagun, eta elizkizunera bertaratutako gainerako pertsonak irteten hasi zirenean, PENS talde faxistako kide batzuk zituzten zain kanpoaldean, armaturik. Polizia ere bertan zen, lerro batean jarrita, eta hildakoaren senideen eta lagunen kontra kargatu zuen. Hamabi zauritu (haietako batek barruan zeraman haurra galdu zuen eta begia beste batek), 200 atxiloketa eta hainbat espetxeratze izan ziren hileta horretan, baita atxiloaldiko tortura salaketak ere.
Kasua itxita
Auzi judiziala zarratuta dago jadanik, baina hura berriz ireki dezatela exijitzen segitzen dute Mikelen senideek eta lagunek, gertatutakoaren inguruan ezarritako iluntasuna eta inpunitatea salatzen jarraitzen baitute. Aurreko larunbat arratsaldean, gaztea oroitzeko ekitaldi bat egin zuten Donostiako Kursaalean, 50. urteurrenari lotuta.