AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Sébastien Lecornu (X)
2026/01/20 13:04

Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak atzo iragarri zuenez, Konstituzioaren 49.3 artikulua ezarriko du, 2026ko aurrekontuetan jasotzen diren diru-sarrerak bozketarik gabe onartu ahal izateko. Bere negoziazio-metodoaren "erdi-porrot" gisa azaldu du erabakia. "Apaltasunez onartu behar dugu", zioen Lecornuk Eliseoan egindako hitzaldi batean.

Gobernuak "bidezidor konstituzionala" aktibatuko du gaur bertan, eta zentsura-mozioak gaindituz gero, otsailaren erdialderako behin betiko aurrekontua ezarriko luke. Iragarpena egin eta berehala, Frantzia Intsumisoak (LFI) eta Bilgune Nazionalak (RN) esan zuten zentsura-mozioak aurkeztuko dituztela Emmanuel Macron presidenteak aukeratutako lehen ministroaren aurka. Mozio horiek ostegunetik aurrera eztabaidatuko dira Asanblea Nazionalean.

Mozioek aurrera egin ez dezaten, Lecornuren gobernuak isileko akordio bat sinatu du Alderdi Sozialistarekin (PS), eta bere abstentzioa ziurtatu du kontzesio batzuen truke. Boris Vallaud PSko presidentearen arabera, gobernuak "jarduera-ordainsariaren igoera handia, errentaren gaineko zerga izoztea, ikasleen janaria euro batera orokortzea, errentatzaile sozialentzako baliabideak eta funts berdea handitzea, eta hezkuntza nazionalean 2.000 postu sortzea" onartu du modu horretan. Dena den, Eric Coquerel diputatu Intsumisoak seinalatu duenez, 7.000 milioi eurotik gorako neurri horiek "harri koskor txikiak" dira "aurrekontu-murrizketen bolumen erraldoi baten bueltan".

Ezkerreko eta eskuin muturreko oposizioek gogor erantzun dute. LFIko presidente Mathilde Panotek "zoritxarraren aurrekontu" gisa salatu du plana, eta zentsura-mozio bat iragarri du. Marine Le Pen RNko buruak, berriz, PSri egindako kontzesioak "arduragabeak" direla salatu du, bere taldeak ere mozioa aurkeztuko duela jakinaraziz. Hala ere, litekeena da Lecornu kargutik kenduko luketen mozioek aurrera ez egitea; izan ere, 288 botoko gehiengo osoa beharko luke ekimenak, eta PSk esan du jada ez duela babestuko. "Uste dut baldintzak bilduta daudela [mozioa] saihesteko", zioen Le Monde-n.

Irteerarik gabeko kalezuloa

Lecornuk neurri autoritarioa justifikatu du, hasieran 49.3 artikulua ez erabiltzeko egindako promesa baztertuz. "Frantzia Intsumisoaren eta Bilgune Nazionalaren sabotaje-saiakera argiak" hartu ditu aitzakiatzat, hain justu. Lehen ministroak defendatu du bere helburua dela, beste ezeren gainetik, defizit publikoa BPGaren %5era jaistea eta "egonkortasun fiskala" bermatzea.

Macronek ere babesa eman dio maniobrari, eta aurrekontua "egonkortasuna bermatzen duen" eta "herrialdeari aurrera egiteko aukera ematen dion" zerbait dela aldarrikatu du, Maud Bregeon gobernu-bozeramailearen hitzetan. Erabakiak berriz erakutsi du gehiengo argirik gabeko Asanblea Nazionalak 2022tik jasaten duen blokeo politikoaren sakontasuna, legerik garrantzitsuenak dekretuz aplikatzen baitituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK