Ekainaren 9an izan ziren Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta irabazle nagusia abstentzioa izan da. Europar Batasuneko estatuetan, batez beste, %48,93koa izan da abstentzioa, behin-behineko datu ofizialen arabera. 2019ko hauteskundeekin alderatuta, ia ez da mugitu ehunekoa, orduan, %49,34koa izan baitzen. Beraz, botoa emateko eskubidea zuten herritarren erdiak erabaki du botorik ez ematea. Emaitzak, baina, ez dira paretsuak herrialde guztietan: Kroazian, esaterako, abstentzioa %78,65ekoa izan da, eta Batasuneko 28 estatuen artean, soilik hamarrek gainditu dute %50eko parte-hartzea.
Euskal Herria bere osotasunean hartuta, abstentzioak gora egin du 2019ko hauteskundeekiko. Zehazki 11,11 puntu igo da, %37,35etik %48,46ra. Bertako abstentzioaren datua, hortaz, Europa mailakoaren parean kokatzen da, baina aldea dago Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean.
Hego Euskal Herrian
Abstentzioak 12 puntuko igoera nabarmena izan du Hegoaldean, %36,23tik %48,69ra igaroz. Lurraldeka, Nafarroan hazi da gehien abstentzioa, 14 puntu zehazki: 2019an %33,15ekoa izan zen, eta aurten %47,23ra heldu da. Bai Gipuzkoan bai Araban, 13 puntu egin du gora abstentzioak. Araban, gainera, %50eko langa igaro du: Gipuzkoan %36,78tik %49,90era pasatu da, eta Araban %37,17tik %50,19ra. Bizkaian 11 puntuko igoera izan du abstentzioak, %37,30etik %48,32ra.
Abstentzioak 12 puntuko igoera nabarmena izan du Hegoaldean, %36,23tik %48,69ra igaroz. Lurraldeka, Nafarroan hazi da gehien abstentzioa, 14 puntu zehazki
Espainiako Estatuari dagokionez, Europako gainontzeko herrialde gehienen artean kokatzen da, izan ere, %50,78ko abstentzioa izan da azken hauteskundeetan. Alegia, Hego Euskal Herrian abstentzioak izan duen joera, orokorra izan da estatu mailan. 2019ko datuekin alderatuz gero, abstentzioak 10 puntu egin du gora, baina komeni da gogoratzea 2019an ez zirela europar hauteskundeak soilik izan: aldi berean egin zituzten erkidegoetako eta udaletako bozak, eta horrek parte-hartze handiagoa eragin zuen, aurreko urteetako datuak 2024koetatik gertuago baitaude.
Ipar Euskal Herrian
Iparraldean, berriz, abstentzio-tasa %50etik hurbil kokatzen zen jada 2019an, eta aurten berdintsua izan da jaitsiera txiki batekin; betiere, %45etik gora mantenduta (%48,42koa izan zen 2019an, eta %46,43koa izan da 2024an). Hona datuak lurraldeka: Lapurdin %48,40tik %46,50era igaro da abstentzioa, Nafarroa Beherean %48,23tik %45,93ra, eta Zuberoan %49,11tik %46,38ra.
Iparraldean abstentzio-tasa %50etik hurbil kokatzen zen jada 2019an, eta aurten berdintsua izan da jaitsiera txiki batekin; betiere, %45etik gora mantenduta
Beste behin ere, Ipar Euskal Herrian Frantziako Estatuko joera islatzen dela ikus dezakegu. Izan ere, abstentzioa bere horretan mantendu da estatu horretan, 2019ko hauteskundeekin alderatuta, jaitsiera oso txikia erakutsita: %49,88tik %48,5era igaro da.
Abstentzioaren bilakaera
Europako Parlamenturako hauteskundeak 1979an izan ziren lehenengoz, eta, orduan, %38koa izan zen abstentzio-tasa. 1989an, Espainiako Estatua jadanik erkidegoaren parte zela, abstentzioa %41,6koa izan zen. 2024ko datuek (%48,93ko abstentzioa) hauteskunde horiekiko atxikipena gero eta txikiagoa dela adierazten dute, lehenengo hauteskundeetatik, parte-hartzeak ia 11 puntuko galera izan baitu.
2024ko datuek hauteskunde horiekiko atxikipena gero eta txikiagoa dela adierazten dute, lehenengo hauteskundeetatik, parte-hartzeak ia 11 puntuko galera izan baitu
1987an, Espainiako Estatua Europako Ekonomia Erkidegoan (Europar Batasunaren aurrekaria) sartu zeneko hauteskundeetan, abstentzio-tasa %31,48koa izan zen. 2014an %56,19raino iritsi zen, eta 2019rako %39,27ra jaitsi bazen ere, aurtengo datuak (%50,78) argi uzten du 2019 aurreko urteetako joerari eusten diola. 1987ko datua 2024koarekin alderatuz gero, abstentzioak 20 puntu irabazi ditu.
Datuen eskuragarritasuna dela eta, EAEkoen bilakaera baino ezin da alderatu. 1987an, Europako hauteskundeetako abstentzio-tasa %32,91ra iritsi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1994an, adibidez, %47,72koa izan zen ehunekoa, eta 2009an goia jo zuen, %58,77rekin. 2019an %37,11ra jaitsi zen joera gorakorra apurtuz, baina 2024an %49,12ra itzuli da berriz ere. Kasu honetan, 1987tik 2024ra bitartean, abstentzioak 16 puntu egin du gora.
Kasu honetan [EAEn], 1987tik 2024ra bitartean, abstentzioak 16 puntu egin du gora