AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/23 12:26

Europar Batasuneko (EB) 400.000 haur kalean, larrialdi-azpiegituretan edo pertsona etxegabeentzako ostatuetan bizi direla zenbatu du FEANTSA Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE). Europar Batasunean, guztira, 1.287.000 etxegabe daudela ere kalkulatu du. Europako "etxebizitza-bazterketa" neurtu du txosten baten bidez, eta, horretarako, Batasuneko herrialdeen estatistika-datuak eta Eurostaten datuak gurutzatu ditu.

Baldintza kaskarrak dituzten etxebizitzetan bizi diren haurrak ere hartu ditu kontuan azterketak: 2023an 14,5 milioi haur bizi omen ziren "itoginak, hezetasunak edota lizuna" zituzten etxeetan. Hala, EBko bost umetik bat bizi ziren iaz egoera kaskarrean zeuden etxebizitzetan. Herrialdez herrialde, ondoko portzentajeak erregistratu zituen FEANTSAk, esaterako: %33 Portugalen, %30,2 Txipren, %27,1 Frantziako Estatuan, %25,7 Espainiako Estatuan eta %20,5 Luxenburgon.

Pobrezia-tasa, etxebizitza-merkatua eta alokairuko etxebizitzak topatzeko zailtasunak dira, besteak beste, aipatutako GKEak seinalatzen dituen arrazoi nagusiak. Txostenaren arabera, EBko familia txiroen %26,5 bizi dira etxebizitza kaskarretan, eta herrialde jakin batzuetan egoera okerragoa da. Adibidez, familia pobreen %33,3 etxebizitza arriskutsuetan bizi dira Espainiako Estatuan; %39 dira Portugalen, eta %39 Frantzian.

Etxerik gabeko gazteen osasuna, biziki kaltetuta

"Kalean bizitzeak, aldi baterako aterpeetan lo egiteak edo etxebizitza desegokiak loa, elikadura eta higienea" biziki kaltetzen dituela ondorioztatzen du txostenak. Haurtzaroko eta gaztaroko "gaitz fisikoek edo osasun mentalekoek etorkizunean kaltegarriak izan daitezkeen aztarnak utz ditzaketela" dio azterketak, eta etxerik gabeko haurrek eta gazteek edonolako mediku-arreta jasotzeko dituzten zailtasunak eta oztopoak nabarmentzen ditu.

Elikadurari dagokionez ere, pertsona etxegabeek zein aldi baterako aterpeetan bizi direnek topatzen dituzten zailtasun handiak aipatzen ditu FEANTSAk. Hoteletan, aterpetxeetan edota ostatuetan "kozinatzea ezinezkoa da", eta "familiek otordu gutxiago dituzte edo kalitate txarreko janaria hartzen dute".

EZ DAGO IRUZKINIK