AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/10 11:23

Carabanchelgo (Madril) Etxebizitza Sindikatuak aste honetan jakinarazi du, guztira, 40.000 euroko isun ekonomikoak jaso dituela urtebetean. Zehazki, 77 isun eman dizkiote sindikatuari, etxegabetzeei aurre egiteko hainbat protestaren eta ekimenen harira. 2021eko azarokoak dira zigor horietatik aurrenekoak; egun horretan, Carabanchelen etxe kaleratze bat geratzen saiatu ziren hainbat eta hainbat lagun. Horren ostean iritsi diren isunak ere etxe kaleratzeen kontrako eta etxebizitza eskubidearen aldeko ekimenei lotutakoak dira.

"Krisi testuinguruan, gero eta gehiago gara etxebizitzaren problematikaren baitan eta basakeria kapitalista gainditzeko antolatzen garenak", azpimarratu du Carabanchelgo Etxebizitza Sindikatuak. "Estatuaren partetik" izaten ari den erantzuna, baina, "proletalgoaren gaineko ofentsiba errepresibo bat" dela uste du. Horrekin lotu ditu, esaterako, "kontrol sozialaren areagotzea, okupazioaren kriminalizazioa, zigor-araudiaren gogortzea, eskubide politikoen ezabapena eta, orokorrean, Estatuaren biraketa autoritarioa". Carabanchelen bizitzen ari diren egoera, beraz, ez da "zirkunstantziala", sindikatuaren esanetan.

Otsailaren 18rako hitzordu garrantzitsu bat jarri dute Carabanchelgo Eko zentroan. Egun osorako egitarau bat prestatu dute, eta parte hartuko dute Gasteizko (Araba), Valentziako nahiz Bartzelonako Raval auzoko Etxebizitza Sindikatuek. Mahai-inguru bat egingo dute elkarrekin, "krisi kapitalistaz eta Estatuaren errepresioaz" jarduteko. Horren ostean, aisialdiko zenbait ekimen izango dira, bazkari bat eta kontzertuak tartean. Carabanchelgo Etxebizitza Sindikatuari jarritako isunei aurre egiteko erabiliko da bildutako diru guztia.

EZ DAGO IRUZKINIK