Abiadura handiko bi trenek atzo arratsaldean Adamuzen (Kordoba, Andaluzia) izandako istripuak 39 hildako eta 100 zauritu utzi ditu gutxienez, hainbat iturri ofizialek jakitera eman dutenez. Azken orduko eguneratzeek zehaztu dituzte datu horiek, baina zifra ez da behin betikoa oraindik. Zaurituen artean, bost oso larri eta 24 larri daude, baita beste 123 kaltetu ere.
Iryo tren bat Malagatik atera zen atzo 18:40an, Madrilerako norantzan, eta 300 pertsona zeramatzan. 19:39an irten zen bidetik. Bide paraleloan sartzean, kontrako noranzkoan zihoan Alvia tren batek jo zuen, Huelvara bidean zihoana. Larrialdi-zerbitzuak gauean bertan hasi ziren harrapatutako bidaiariak erreskatatzen, eta Madril eta Andaluzia arteko abiadura handiko linearen zirkulazioa etenda dago.
Tokiko agintaritzek agertoki "dantesko" bat deskribatu dute. Talka ez zen aurrez aurrekoa izan, albokoa baizik, baina trenbidearen hondamendiaren tamaina agerikoa da. Espainiako Garraio Ministerioko iturriek El País-i azaldu diotenez, oraindik ez dago argi ea zergatik atera zen Iryo trena bere bidetik, zuzengune batean. Oscar Puente Garraio ministroak "oso larritzat" jo ditu istripuaren xehetasunak: bere esanetan, "inpaktua izugarria izan da", eta Renferen trenaren lehen bi unitateak jaurti ditu.
Iryo enpresak, ohar baten bidez, gertatutakoa "deitoratu" du, larrialdi-protokoloak aktibatu zituela adieraziz. Adifek X sare sozialean esan duenez, "Adamuzko 1. bideko sarrera-desbideratzean" atera zen errailetik Iryo trena, eta Alvia ibilgailuaren bidea hartu zuen. Tren hori ere bidetik atera zen.
Tragediaren berri izatean, Andaluziako 112 zerbitzuak sei ZIU mugikor, egora kritikoetarako bi ZIU, anbulantzia ugari eta laguntza logistikoko ibilgailu andana mobilizatu zituen. Erreskate-taldeak lanean ari diren bitartean, agintariek euren "atsekabea" agertu dute. Istripuaren arrazoiak zehazteko ikerketa zabalik dago, eta iturri ofizialen arabera, "luze joko du".
Greba Iryon azaroan
Iryoko langileak grebara joan ziren azaroaren amaieran, baina lan-protesta ia guztiz zapuzten zuten %73ko "gutxieneko" zerbitzuak ezarri zizkieten. Hala ere, beharginek egindako aldarrikapenek pista batzuk ematen dituzte enpresa horretako tren-langileek dituzten lan-baldintzei buruz.
Salatu zuten tripulazioak askotariko eginkizunak betetzen dituela: salmenta, treneratzea, zerbitzua tren barruan eta bertako esku-hartzea. Mantenu-lanetako langileek, berriz, langileek baino maila eta soldata baxuagoak izaten dituzte, nahiz eta funtsezko lanak egin trenen operazio segururako.