AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
3.000 eurotik gorako gastu errepresiboak, Moskuko Gaztetxeari lotuta
Espazioaren birjabetzeari lotutako isunak jasotzen hasi da Bidasoko Gazte Langileon Asanblada. Okupazioaren aurkako ofentsiba salatu du.
2025eko martxoaren 19
3.000 eurotik gorako gastu errepresiboak, Moskuko Gaztetxeari lotuta
— ARGAZKIA Angula Berria

3.000 eurotik gorako isunak jaso dituzte dagoeneko Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako kideek, Moskuko Gaztetxearen irekiera dela-eta. Abenduaren hasieran birjabetu zuten espazioa Irunen (Gipuzkoa), Gaztetxe bilakatzeko, baina handik hilabetera utzi behar izan zuten lekua gazteek. Isunak jarri dizkiete jadanik, eta horiei aurre egin beharko diete orain: hainbat ekimen antolatuko dituzte horretarako. Datozen asteetan emango dute hitzorduen berri.

"Okupazioaren aurkako ofentsiba" salatu du Gazte Langileon Asanbladak, eta elkartasuna adierazi die arriskuan dauden eta ofentsiba hori jasaten ari diren espazioei; hala nola, Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxeari eta Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxeari. "Okupazioa geroz eta arazo larriago bezala saltzen diguten bitartean, geroz eta zailagoa da okupatzea; zailagoa eta zigortuagoa", seinalatu du.