Honakoa ere Palestinaren askatasunaren aldeko mobilizazio-aste bat izango da Euskal Herrian. Urriaren 7aren urteurrenaren atarian, manifestazio bat antolatu du Bilbon (Bizkaia) Palestinarekin Elkartasuna plataformak: larunbat honetan izango da, urriaren 5ean, 12:00etan Jesusen Bihotzetik hasita. Palestinaren askatasuna eta bertako erresistentzia aldarrikatzeaz gain, Israelgo Estatu terrorista eta Mendebaldeko bere konplizeak seinalatuko dituzte mobilizazioan.
Aste honetarako, baina, deialdi gehiago egin ditu aipatutako plataformak. Urriaren 3an eta 4an zehar, 24 orduko baraualdi bat antolatu du Palestinarekin elkartasunez. Ostegunean hasiko da baraua, arratsaldeko 19:00etan, eta ekimenari lotutako gune batzuk prestatuko dituzte Euskal Herriko bost herritan: Bilbon bertan, Altsasun (Nafarroa), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa). Altsasun egun bat lehenago ekingo diote barauari (asteazkenean), eta txandaka arituko dira; 24 orduz pertsona bakoitza.
Baraualdiak irauten duen bitartean, egitarau zabalak izango dira bost gune horietan. Palestinarekin Elkartasunak bere sare sozialen bidez eman du gune bakoitzeko egitarauen berri: solasaldiak, musika emanaldiak, dokumental proiekzioak, tailerrak, propaganda egiteko martxak eta abar izango dira.