Larunbatean, sei erailketa matxistaren berri eman zuten Espainiako Estatuan. 24 orduan, hiru eraso atera ziren argitara: lau gizonezkok euren bikotekideak, horietako baten ama eta bi seme-alaba erail zituztela jakinarazi zuten.
Zafarrayan (Granada) izan zen lehenengo hilketa: 20 urteko emakume bat hil zuen bere 34 urteko bikotekideak, baita neskaren 49 urteko ama ere. Euren etxean hil zituen bi emakumeak erasotzaileak, eskopeta batekin tiro eginda.
Fuengirolan (Malaga), bestalde, 76 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak. Itota aurkitu zuten andrea, eta atxilo eraman zuten gizonezkoa.
Las PedroƱerasen (Cuenca) izan zen hirugarren erasoa. Emakume bat hil zuen bere bikotekideak, baita euren seme-alabak ere. Bizi ziren tokitik gertu aurkitu zituzten euren gorpuak, kutxa batean sartuta. Odolez betetako labana bat ere topatu zuten, eta atxilotu egin zuten hiltzailea.
50 erailketa 2024an
Azken heriotzak kontuan hartuta, gutxienez 50 dira urtea hasi zenetik Espainiako Estatuan erregistratu diren erailketa matxistak. Sei izan ziren urtarrilean, zazpi otsailean, zortzi martxoan, hamabi apirilean, bost maiatzean, eta hamabi ekainean.