23 urteko gazte bat ospitaleratu egin behar izan zuten hainbat lagunek jipoitu ondoren, larunbatetik iganderako gauean. Basauriko (Bizkaia) Bizkotxalde parkean gertatu zen erasoa; hamahiru bat gaztek irain homofoboak egin zizkioten, hura jipoitzen zuten bitartean.
Erasotua irainduz hasi ziren aurrena, eta hark erantzun ondoren, korderik gabe utzi arte jo zuten. Gorputz osoan ditu kolpeak; batez ere, buruan eta aurpegian. Ospitalera eraman behar izan zuten. Gazteak berak hedabideei azaldu die "beste norbaiti gauza bera ez gertatzeko" erabaki duela erasoa salatzea.
Gazteak eta haren familiak deituta, manifestazio bat egingo dute bihar Basaurin: 19:00etan jarri dute hitzordua udaletxe aurrean, eta Bizkotxalde parkerainoko bidea egingo dute.