AKTUALITATEA / Soldata sistema
23 behargin kaleratze-arriskuan Inyectados Gabi eta Galter lantegietan
MEK taldeak bi enpresak erosteko asmoa azaldu du hartzekodunen konkurtsoan, baina egun aritzen direnak baino langile gutxiago kontratatu nahi ditu.
2020eko uztailaren 1
23 behargin kaleratze-arriskuan Inyectados Gabi eta Galter lantegietan

Zaldibarko (Bizkaia) Inyectados Gabi eta Galter enpresetan kaleratze-arriskuan daude 23 langile. Izan ere, lan-erregulazio espediente bat aurkeztu du hartzekodunen konkurtsoaren kudeatzaileak.

ELA sindikatuaren arabera, MEK taldeak bi enpresak bereganatzeko interesa adierazi du jada, eta eskaintza zehatz bat luzatu dio konkurtsoaren kudeaketaren arduradunari. Eskaintzaren ondorioetako bat egun lantegi horietan jarduten duten 52 beharginetatik 29 bakarrik kontratatzea izango litzateke. Hori gutxi balitz, MEKek gaur egungo enpresa-hitzarmena "bertan behera utzi nahi duela" salatu du ELAk, eta geratuko liratekeen langileei, berriz, Bizkaiko hitzarmen orokorra ezarri nahi dietela dio.

Mobilizazioa

Enpresetako langileek borrokarako deia egin dute dagoeneko. MEK taldeak Mallabian (Bizkaia) duen egoitzaren aurrean bilduko dira uztailaren 2an, 11:30ean.