Duela 22 urte izan zen une horretan euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarraren aurkako polizia-operazioa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, Guardia Zibila 2003ko otsailaren 20an bertaratu zen Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza nagusira, Andoainera (Gipuzkoa), hura ixteko asmoz: auzitegiak esan zuen ETArekin lotura zuela hedabideak. Itxieraren operazioaren barruan, egunkariaren hamar arduradun atxilo eraman zituzten guardia zibilek: Fermin Lazkano, Inma Gomila, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Luis Goia, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Txema Auzmendi, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga.
Atxiloaldian jasandako torturak salatu zituzten hainbatek. Otamendik jakinarazi zuen "arratoiak bezala tratatu" zituztela; torturatzeko poltsa jarri ziotela hari eta jipoitu egin zutela Torrealdai, besteak beste. Bost egun Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta igaro ostean, atxilotuetatik bost baldintzarik gabe kartzelaratzeko agindua eman zuen epaileak: Alegria, Auzmendi, Oleaga, Torrealdai eta Uria bidali zituen espetxera. Zubiriari 72 orduz luzatu zioten inkomunikazioa, eta Goia, Gomila, Lazkano eta Otamendi aske utzi zituzten, bermea ordainarazita.
Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioaren erdian, mobilizazio erraldoi bat izan zen Donostian (Gipuzkoa): 2003ko otsailaren 22an milaka pertsona atera ziren kalera Egunkaria aurrera. Bai euskarari lelopean, itxieraren eta operazioaren aurka. Segituan, gainera, euskarazko Egunero egunkaria argitaratu zuten, eta 2003ko ekainean jarri zuten martxan Berria.
Urte bereko udazkenean, 2003ko urriaren 16an, Egunkaria-ren enpresa-taldearen kontrako beste operazio bat egin zuen Guardia Zibilak. Epaile berak eman zuen agindua. Zortzi pertsona atxilotu zituzten orduan: Angel Diez, Armando Hernandez, Joanmari Larrarte, Joxe Mari Sors, Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Mikel Sorozabal eta Xabier Legarra. Lau egun beranduago, Egunkaria-ren enpresa taldeko abokatu Eneko Etxeberria atxilotu eta inkomunikatu zuten. Urriaren 21erako aske geratu ziren denak.
Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2009an
Juan del OImok 2004ko azaroan auzipetu zituen Alegria, Auzmendi, Otamendi, Oleaga, Torrealdai, Uria eta Zubiria, baita Joxemi Zumalabe ere (hilda zegoen). 2006an auzia artxiba zezatela eskatu zuen fiskaltzak, Egunkaria ETArekin lotzeko nahikoa zantzurik ez zegoela esanez, baina aurrera jarraitzeko eskaera egin zuen akusazio partikularrak. 2007ko martxoan hedabideko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten, eta 2007ko azaroan, epaiketa egiteko erabakia hartu zuen epaileak, prozedura laburtuari helduz.
Auzmendik, Torrealdaik eta Uriak deklaratu ondoren, Eloy Velasco epaileak 2009ko maiatzean erabaki zuen auziarekin aurrera egitea, eta urte horretako abenduaren 15ean hasi zen auzi nagusiari buruzko epaiketa (ez auzi ekononomikoaren ingurukoa), Madrilen. Bost pertsona eseri zituzten akusatuen aulkian: Auzmendi, Oleaga, Otamendi, Torrealdai eta Uria. 2010eko apirilean eman zuten epaiaren berri: auzipetutako bostak absolbitu zituen auzitegiak, haien aurkako frogarik ez zegoela ebatzita.
Auzi ekonomikoari buruzko prozesu judizialari dagokionez, Auzitegi Nazionaleko Jose Maria Vazquez Honrubia epaileak 2010eko maiatzean esan zuen Donostiako (Gipuzkoa) Zigor Auzitegira bideratuko zuela. Auzi nagusian absoluzioaren alde egin zenez, Vazquez Honrubiak ondorioztatu zuen ez zegoela "delitu terroristarik", eta ustezko iruzur fiskal bat izango litzatekeela kondenatzeko moduko bakarra. Eta, horretaz gain, Europako Giza-Eskubideen Auzitegiak 2012an zigortu zuen Espainiako Estatua, Otamendik salatutako torturak behar bezala ez ikertzeagatik.