AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/14 09:15

Atzo izan zen Angel Berruetaren erailketa izugarriaren 21. urteurrena, eta, beste urte batez, Donibanen (Iruñerria, Nafarroa) oroitu zuten ekitaldi baten bidez. Bere omenez jarrita dagoen plaka ingurura bertaratu eta lore-eskaintza bat egin zioten, tartean, senideek. Urtero bezala, Angelen hurbilekoak babestu zituen jendeak. 2004ko martxoaren 13an erail zuten polizia batek, Valeriano de la Peñak, eta bere seme Miguel de la Peñak.

Espainiako Poliziako agentea zen de la Peña, eta, une horretan, ez zen lanean ari. Angelek okindegi bat zuen Martin Azpilikueta kalean, eta liskar bat izan zuen bertan Maria Pilar Rubio izeneko andre batekin; de la Peña aita-semeen emazte eta amarekin. Izan ere, emakumeak kartel bat jarri nahi zuen Angelen okindegian, ETA erakundeari egozten ziona Martxoaren 11n Madrilen izandako sarraskia. Egun horietan, gerora gezurtatu zen gorrotozko kontakizun hori bultzatu eta zabaldu zuen Espainiako Gobernuak, PP buru zela.

Berruetak uko egin zion kartela jartzeari, eta Rubiok, haserretu ondoren, senarrari eta semeari eman zien gertatutakoaren berri. Orduan, okindegira sartu eta Angel hil zuten haiek, tiroz eta labankadaz. Aurreko urtera arte, Nafarroako Gobernuak ez du Angel biolentzia polizialaren biktima gisa aitortu. Hala ere, urtero gogoratu dute Donibanen, Kontxi Sanchizekin batera: Hernanin (Gipuzkoa) galdu zuen bizia Berruetaren hilketa salatzeko mobilizazio batean, bihotzekoa jasan baitzuen Ertzaintzak bortizki kargatzean.

2005eko ekainean epaitu zituzten de la Peña aita-semeak eta Rubio. Zinpeko epaimahaiak ebatzi zuen arrazoi ideologikoek larriagotutako gertakariak zirela: hogei urteko kartzela-zigorra jarri zion Valeriano de la Peñari, hamabostekoa semeari eta hamar urtekoa Rubiori; nahiz eta azken hori absolbitu egin zuten segituan, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak lehenengo eta Espainiako Auzitegi Gorenak ondoren.

Berruetaren senideek salatu izan duten modura, de la Peña hiltzaileak 2010ean hasi ziren espetxe-onurak izaten: Migueli, esaterako, 2014an eman zioten baldintzapeko askatasuna. Valerianoz badirudi ez dela berririk izan, baina elDiario.es-en esanetan, polizia-postua mantendu zuen 2008ra arte: urte horretara arte ez zion kendu Espainiako Barne Ministerioak.

EZ DAGO IRUZKINIK