Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak atzo aurkeztu zituen Ertzaintzako Enplegu Plan berriaren oinarriak. Helburu nagusia da, 2030erako, 8.000 ertzain izatea guztira. Horixe da, hain zuzen ere, legez egon daitekeen agente kopuru maximoa, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2004an adostutako gehieneko muga izanik. Duela hamabost urte, Rodolfo Ares sailburu zela, kopuru horretara heldu zen Ertzaintza, eta berriz ere helburu hori betetzea dauka ortzi-mugan jeltzaleen gobernuak.
Jaurlaritzaren esanetan, gaur egungo ertzain kopurua areagotzeaz gain, aurreikusitako erretiroei (300 bat) erantzutea bilatuko dute, hainbat neurriren bidez: enplegu publikorako deialdiak (martxoan bertan iragarri zuten promozio erraldoi bat), barne-sustapenak eta mailaz igotzeko ikastaroak, eta abar. Izan ere, polizia-sindikatuak kexu dira gobernua ez dela heltzen 8.000 agenteko langa horretara, eta, gaur egun, 700 postu gehiago sortu beharko liratekeela horretara iristeko.
Planaren beste oinarrietako bat da Arkauteko (Araba) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia indartzea, enplegu-deialdi berriei erantzun ahal izateko. Bertan barnetegi-eredua berreskuratzea da proposamenetako bat, ertzain izateko prestatzen ari diren ikasleen artean "konfiantza eta kohesioa sortzeko". Gainera, badirudi "fakultatiboen eta teknikoen" figura ere erabiliko duela Jaurlaritzak. Teorian, funtzionario horiek arlo zehatz batean adituak dira eta ez dituzte polizia izateko ohiko prozesuak igaro, baina haiek ere agentetzat hartuta Ertzaintza indartzeko asmoa iradoki du Zupiriak: "Pertsona horiek poliziak izan daitezke edo ez, baina beti izango dira Ertzaintzako kide".
Ertzaintzaren Kontseiluan, zeinetan polizia-sindikatuek ere parte hartzen duten, gaur aztertuko dute Jaurlaritzaren proposamena. Horren ostean irekiko da datozen urteetarako neurriei buruzko negoziazioa, eta Zupiriaren esanetan, orduan zehaztuko dituzte hautaketa, prestakuntza eta barne-sustapeneko irizpideak.
Ertzaintza, ondoen ordaintutako polizia-indarra
Jaurlaritza eta Ertzaintzako gehiengo sindikala (ERNE, ESAN, SIPE) duela gutxi iritsi dira akordio batera, besteak beste, Ertzaintza "modernizatzeko" eta agenteen soldatak igotzeko. Batez beste, 4.200 euro gehiago jasoko ditu aurrerantzean ertzain bakoitzak, eta, horrekin, Espainiako Estatuan ondoen ordaindutako polizia-indarra bilakatuko da. 2028ra bitartean egongo da indarrean akordioa.