AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / André Fuck
2026/02/10 08:59

2025eko urtarriletik azarora bitartean, okupatutako lurralde palestinarretako asentamendu israeldarretatik zetozen 390 merkantzia-kargamentuk erabili zuten Espainiako Estatua eskala-portu gisa, debekurik gabe. Hala ziurtatu du elDiario.es-ek eskura izan duen ikerketa batek, Palestinian Youth Movementek egindakoa. Komertzio hori, okupazio sionistaren ekonomiari eusten diona, Valentziako eta Bartzelonako portuen bidez gauzatu zen, eta abenduan Malagan atzemandako garraio-mugimendu berri batek eman zion jarraipena, nahiz eta Espainiako Gobernuak, teorian, irailean debekatu zuen produktu horiek zuzenean inportatzea. Txostenak, beraz, agerian uzten du Espainiako Estatuaren konplizitatea, Mediterranean Shipping Company (MSC) operadore logistikoak espainiar agintarien kontrolpean dauden azpiegitura publikoak erabil ditzakeelako, "nazioarteko zuzenbidearen" arabera legez kanpokoa den merkataritza baterako.

Ikerketak erakusten dituen datuak sendoak dira: kolonia sionistetatik Estatu Batuetara egindako 957 bidalketetatik, 529tan erabili zituzten Europako portuak transbordorako puntu gisa. Espainiako Estatua izan zen, alde handiz, mugimendu horiek erraztu zituen konplize nagusia. Atzetik jarraitzen diote, ondoren, Portugalek (115 bidalketa), Herbehereek (22) eta Belgikak (2). Ikerlariek azpimarratu dutenez, salgaien zirkulazioak "Europako itsas-portuekiko duen mendekotasun sistematikoa" erakusten du eredu horrek, nahiz eta Hagako Nazioarteko Justizia Gorteak zirkulazio horixe bera blokeatzeko eskatu zuen. Azterketak aipatzen dituen enpresa esportatzaileetako batzuk dira Ahava Dead Sea Laboratories edo Supergum Industries, sionisten legez kanpoko kokalekuetan aritzen direnak, hala nola Zisjordaniako Barkanen.

Merkataritza-jarduera horrek zuzenean urratzen ditu Nazioarteko Justizia Gortearen 2024ko uztaileko irizpena eta NBEren Batzar Nagusiaren urte bereko iraileko ebazpena, Espainiako Gobernuak esaten duen arren irizpide hori babesten duela. Gorteak, berez, estatuak behartu zituen "Israelekin tratu ekonomiko edo komertzialik ez egitera". 2025eko irailean Espainiako Estatuan ezarritako Errege Lege Dekretuak inportazioei betoa jarri bazien ere, hutsune legal bat utzi zuen, ez zituelako transbordoak esplizituki debekatu. Hutsegite horri esker, gobernuak aldarrikatzen du aipatutako jarraibideak betetzen dituela formalki, baina, bitartean, bere portuak funtsezko gakoetako bat izaten jarraitzen dute Israelgo Estatuarekin merkataritza-harremanak mantentzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK