Langileen erretiroa sistematikoki atzeratzeko neurriek martxan jarraitzen dute Espainiako eta Frantziako estatuetan. Hala, hasi berri den urtean ere, are gehiago luzatuko da erretiroa hartu ahal izateko unea. Espainiako Estatuan, 2025etik aurrera, dagokien jubilazioaren %100 jaso nahi duten beharginek 66 urte eta zortzi hilabete eduki beharko dituzte beteta. 65 urte izanik erretiroa hartu nahi duten langileek 38 urte eta hiru hilabete izan beharko dituzte kotizatuta Gizarte-Segurantzan.
2011n, PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zela, gobernuak pentsio-sistemaren erreforma bat adostu zuen patronalarekin eta sindikatuekin, apurka-apurka erretiro-adina atzeratzeko: progresiboki, 2013tik 2027ra bitartean, erretiroa 65 urtetik 67 urtera geroratzea hitzartu zuten. 2011n markatutako bide-orriaren barruan, 66 urte eta zortzi hilabetean finkatuko da aurten jubilazio-adina, 66 urte eta hamar hilabetera geroratuko da 2026an, eta 67 urteraino helduko da 2027an (edo, erretiroa lehenago hartu nahi izanez gero, kotizatutako 38 urte eta sei hilabete izan beharko dira pilatuta, gutxienez). Bitartean, erretiroa beranduratzeko eta "jubilazioa malgutzeko" neurriak bilatzen jarraitzen du PSOEk gidatutako gobernuak.
Frantziako Estatuan, Emmanuel Macron buru duen gobernuak 2023an inposatu zuen pentsio-sistemaren beste erreforma bat, norabide berdinarekin: progresiboki geroratuko dute legezko erretiro-adina, 64 urtean finkatzeraino. Pixkanaka ezarriko dituzte hiru hilabeteko atzerapenak, eta, berehalakoan, 1963an jaiotako langileak kaltetuko ditu prozesu horren garapenak: ezingo dute erretiroa hartu 62 urte eta bederatzi hilabete bete arte.
Dagokien erretiroa osorik kobratu ahal izateko, gainera, kotizazio-hiruhileko kopuru minimo bat ere eduki behar dute metatuta beharginek, jaiotza-dataren arabera aldatzen dena. 67 urte betetzean uzten zaio kotizazio-denbora kontuan hartzeari.