Dena ez da erreakzioa: gaur, urtarrilaren 25ean, jendetzak erakutsi du konpromisoa duela borroka egiteko, Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta, manifestazio bana izan da iluntzean Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), eta milaka pertsona batu dira bietara. Jesusen Bihotzetik atera da Bilboko mobilizazioa, 18:00ak igarota, eta Gaztelu Plazatik hasi da Iruñekoa, 19:00ak jota.
"Kaleak gerraren eta faxismoaren aurkako aldarriz bete ditugu. Mendebaldeko agintariak inolako oposiziorik gabe beren agenda belizista ezartzen ari diren bitartean, milaka gazte gerra inperialistaren aurka mobilizatu gara. Era berean, faxismoa sare sozialetan, instituzioetan eta kale mailan indarra hartzen ari den bitartean, faxistei zuzendutako mezu argi batekin atera gara kalera: ahal dugun guztia egingo dugu indarra hartu ez dezazuen, zuei aurre egiteko prest gaude eta aurrean izango gaituzue", azaldu dute GKSko bozeramaileek mobilizazioen amaieran.
Mendebaldeko oligarkiaren agenda ekonomikoaren eta politikoaren kontra
GKSk nabarmendu duenez, ezinbestekoa da langile-klasearen barruan "Europako oligarkiaren agenda estrategikoaren aurkako kontzientzia zabaltzea", agintarien agenda ekonomikoari eta politikoari erreferentzia eginez. Oligarkiaren agenda ekonomikoa "langileriaren soldatei erasotzean" oinarritzen dela seinalatu du. Hala, "langileon soldaten aurkako politikak aplikatzen" ari direla ohartarazi du, eta "ezkerreko zein eskuineko alderdiak" izan direla "politika horiek aurrera eraman dituztenak Europa osoan".
Mendebaldeko agintarien agenda politikoari dagokionez, GKSk gogorarazi du bide-orri hori gerran eta estatuen erreforma autoritarioan oinarritzen dela. "Ezin dugu gerra-agenda normalizatzen utzi", azpimarratu du: "Urgentea da langileon artean gerra inperialistaren aurkako kontzientzia zabaltzea; oligarkiaren aurka, enpresarien eta politikari profesionalen konplizitatea salatuz, eta berandu baino lehen langileon arteko nazioarteko alternatiba bat eraikiz".
"Urgentea da langileon artean gerra inperialistaren aurkako kontzientzia zabaltzea; oligarkiaren aurka, enpresarien eta politikari profesionalen konplizitatea salatuz"
Eta agenda belizistari lotuta, gazte-antolakundeak xehatu du "estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen" ari direla gobernuak. Horren adibidetzat ditu "zerbitzu militarra ezartzeko saiakerak, armagintzako industria diru publikoz finantzatzeko proiektuak, aurrekontu militarren gorakada, mugen militarizazioa, zigor kodearen gogortzea, Poliziaren jazarpena" eta abar. "Agenda horrek langileon eskubide politikoen etengabeko murrizketa dakar", salatu du: "Joera horri aurre egin behar diogu, eta berebizikoa da langile-klaseko koletiboen eta antolakundeen arteko lankidetza auzi horren aurrean".
Agenda kulturala: ideia erreakzionarioak
Bide-orri ekonomikoarekin eta politikoarekin batera, agenda kultural bat ere inposatzen ari da Mendebaldeko oligarkia, ideia erreakzionarioak dituena oinarri, GKSren esanetan. "Gehiengoaren bizi-baldintzak okertzen ari diren garaian, langileriak bat egin lezake proiektu sozialistarekin. Baina hori eragoztera dator, hain zuzen ere, oligarkiaren ofentsiba kulturala", jakinarazi du: "Kapitalista handiek finantzatutako gerra kulturalaren bitartez, ideia arrazistak, matxistak eta autoritarioak zabaltzeko apustua egin dute, eta ideologia erreakzionario hori hedatzen ari da erdi-mailako klaseko eta langile-klaseko zenbait geruzatan".
"Kapitalista handiek finantzatutako gerra kulturalaren bitartez, ideia arrazistak, matxistak eta autoritarioak zabaltzeko apustua egin dute"
Eta ohar egin du Mugimendu Sozialistako gazte-antolakundeak: "Oligarkiaren agenda horren eskutik faxismo berri bat esponentzialki hazten ari da Mendebaldeko estatu guztietan". Europako estatu gehienetan ari dira indarra hartzen eskuin muturreko alderdiak, eta GKSk oroitarazi du alderdi horiek "botere instituzionala eta mediatikoa erabiltzen dutela jendartean ideia erreakzionarioak zabaltzeko". Era berean, "gobernura iristen direnean estatuen erreforma autoritarioan sakontzen dute", gaitzetsi duenez.
"[Kaleko talde faxistak] Proletalgoaren aurkakoak izateaz gain, kapitalismo autoritario eta baztertzaile baten aldeko talde biolentoak dira, eta ez dute inolako erreparorik edukiko langileria antolatuari bortizki erasotzeko"
Baina joera hori ez da erakunde burgesetara mugatzen: kalean ere areagotzen eta sendotzen ari dira talde faxistak, Euskal Herrian barne. "Nahiz eta hemen oraindik oso indartsuak ez izan, langileontzat dakarten arriskuaren jabe izan behar gara", diote GKSko kideek: "Proletalgoaren aurkakoak izateaz gain, kapitalismo autoritario eta baztertzaile baten aldeko talde biolentoak dira, eta ez dute inolako erreparorik edukiko langileria antolatuari bortizki erasotzeko". Horregatik hartu dute talde faxistei aurre egiteko konpromisoa, "datozen lekutik datozela".
Ezkerreko alderdi erreformisten ezintasuna eta ardura
Antolakundeak, dena den, argi eta garbi erreibindikatu du: "Faxismoaren aurrean, irtenbidea ez da ezker erreformista. Kontrara, eskuin muturraren gorakadaren arrazoi nagusietako bat izan da ezkerreko alderdi politikoen porrota". Eta hori arrazoitu du, gogoraraziz ezkerreko alderdiek "austeritate-politikak aplikatu" dituztela eta "estatuaren erreforma autoritarioaren bidean eskubide politikoak murriztu dizkigutela".
"Faxismoaren aurrean, irtenbidea ez da ezker erreformista. Kontrara, eskuin muturraren gorakadaren arrazoi nagusietako bat izan da ezkerreko alderdi politikoen porrota"
PSOEren gobernua da horren adibide nabarmena, GKSk iritzi dionez: "Salbuespen-politikak aplikatu ditu, zigor kodea gogortu du, langileon erosahalmena murriztu du eta aurrekontu militarrak handitu ditu". Uste du horrek "austeritatea eta desatxikimendu politikoa" baino ez dituela eragin, "langile-klaseko eta erdi-mailako klaseko zenbait geruzaren artean eskuin muturra indartzeko baldintzak jarriz".
Gerra-mehatxuari eta faxismoari aurre egiteko, langile-batasuna eta gerra kulturala
Ondorioa garbia da gazteen hitzetan: "Testuinguru erreakzionario honek ez dauka atzera-bueltarik, eta [...] ezkerreko alderdi erreformistak ez dira irtenbidea, arazoaren parte baizik". Hala ere, egoera "langile-klasearen alternatiba sozialista gorpuzteko" baliatu behar delakoan daude, eta bi eginbeharri egin diete azpimarra. Alde batetik "langile-klasearen batasuna eraikitzen" joateko beharra nabarmendu dute, "langile-klaseko mugimenduen eta kolektiboen arteko lankidetza inoiz baino gehiago indartuz". Eta, bestetik, beharrezkotzat jo dute "kapitalisten gerra kulturalari aurre egitea".
"Langile-klasearen batasuna eraikitzen joan behar gara, langile-klaseko mugimenduen eta kolektiboen arteko lankidetza inoiz baino gehiago indartuz"
Azken horri lotuta, salatu dute "langileen artean kontzientzia faltsua eta ideologia baztertzailea ezarri" nahi dituztela, "politika kolonialistak, misoginoak, arrazistak, ekosistemen aurkakoak eta antzekoak justifikatzeko". Horri kontra egiteko asmoa erakutsi du GKSk, baina: "Langilerian eta, batez ere, gazterian ideologia faxistaren aurkako kontzientzia sozialista hedatzeko apustua egingo dugu".
Horiek horrela, GKSk gogoan izan du "gerraren arriskuari eta faxismoaren gorakadari benetan aurre egiteko beharrezkoa" izango den baldintza bat: "Langileriaren nazioarteko alderdi iraultzailea berrosatzea". "Soilik Europa mailako langileriaren alderdi baten bitartez egingo diogu aurre kapitalista handien ofentsiba erreakzionarioari", zehaztu du, adieraziz norabide horretan ulertzen duela "Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio-eskubidearen aldeko borroka".
"Orain da joera faxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko garaia [...]. Denborak aurrera egiten du beti, baina historiak atzera egin lezake, baldin eta joera horiek indarra hartu eta normalizatzen badira"
Eta gaurko egun garrantzitsuan, manifestazioetako hitzaldiei amaiera emateko, GKSk mezu bat eman nahi izan du: "Orain da joera faxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko garaia, eta gure indar eta inteligentzia guztiarekin egin behar diegu aurre. Denborak aurrera egiten du beti, baina historiak atzera egin lezake, baldin eta joera horiek indarra hartu eta normalizatzen badira". Antolakundeak, ordea, "erreakzioari hortzak erakusteko" konpromisoa azaldu du: "Euskal Herriko gazte langileon artean gerraren eta faxismoaren aurkako kultura politikoa errealitate bihurtuko dugu. Eta [...] Euskal Herritik kanpo, Europako zein mundu mailako gazte langileek bide bera egin dezaten gure ekarpena egingo dugu". Borondate osoz eman du aditzera bere asmoa: "Oligarkiaren agendaren aurka eta langileon batasuna bultzatuz, sozialismoaren aukera errealitate bihurtzeko antolatzen eta borrokatzen jarraitu behar dugu".