AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El PeriĆ³dico
2025/01/17 09:13

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) aste honetan argitaratu ditu hainbat datu, Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) izandako bilakaeraren inguruan. Institutuaren arabera, gora egiten jarraitzen du indizeak: 2024. urtea bukatzerako, %2,8koa zen urtean zehar prezioetan izandako igoera, %0,4 igo baitzen urte arteko tasa abenduko datuak kontuan hartuta. Azarotik abendura bitartean, %0,5 igo ziren kostuak.

Iazko abendua amaitzerako, EAEn erregistratu zuten urte arteko tasa-igoerarik altuena: %3,6. Prezioek hiru hilabetez jarraian egin dute gora erkidegoan, eta gehien garestitu direnak dira oinarrizko bizi-bitartekoak: etxebizitza, ura, elektrizitatea, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk. Itxura denez, %8,3koa izan da horien guztien garestitzea. Alkoholdun edariak eta tabakoa %7 garestitu dira, "aisialdia eta kultura" %4,4 eta jatetxeak eta hotelak %3,8. Gipuzkoan atzeman zuten igoerarik nabarmenena iaz: %3,7.

EAEri atzetik jarraitzen diote Balearrek (%3,49ko igoera 2024an) eta Aragoik (%3,1). Kontrara, eta aldea hain handia ez bada ere, 2024ko igoerarik apalenak izan ziren Kanarietan (%2,2), Gaztela-Mantxan (%2,5) eta Murtzian (%2,6). Nafarroan, berriz, %2,7 igo zen KPI iaz. Puntu bat edo beste gorabehera, erkidego guztietan izan da goranzkoa prezioen bilakaera.

BEZaren murrizketa, bertan behera urrian

Espainiako Gobernuak 2023. urtea hastean ezarri zuen BEZaren murrizketa oinarrizko hainbat produktutan (elikagaiak nagusiki), teorian, prezioen gorakadak langileengan duen eragina apaltzen saiatzeko. Beherapen hori, ordea, ez da eraginkorra izan: berdin-berdin jarraitu dute gora egiten elikagaien kostuek, besteak beste FACUAk ohartarazi izan duen modura. Gobernuak, gainera, joan den urrian utzi zuen bertan behera BEZaren murrizketa.

EZ DAGO IRUZKINIK