AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Revista Gerente
2024/12/27 08:30

Atzo atera zen argitara Caminando Fronteras Gobernuz Kanpoko ErakundeaK (GKE) 2024an egin duen Bizitzeko Eskubidea txostena. Mendebaldeko muga euroafrikarrean izan diren heriotzen gorakada kezkagarria dokumentatzen du azterketak: 28 herrialdetako gutxienez 10.457 biktima izan dira; egunean 30 heriotza, batez beste. Urte hau izaten ari da orain arte erregistratutako hilgarriena, eta guztira 1.538 haur eta nerabe daude biktimen artean. Atlantikoko ibilbideak, batez ere Kanariar Uharteetara doanak, arriskutsuena izaten jarraitzen du, 9.757 heriotza erregistratu baitira bertan. Aljeriako ibilbidea da hurrengoa, 517 biktimarekin, eta Gibraltarko itsasarteak jarraitzen dio atzetik, 110 hildakorekin.

Biktimen kopuru izugarri hori eragiten duten kausa batzuk ere aipatzen ditu txostenak. Horien artean, sorospen-betebeharraren urraketa eta mugak kanpora ateratzea nabarmentzen dira, migrazio-kontrola lehenesten baitute agintaritzek eta askotariko indarrek, bizitzeko eskubidearen gainetik. Erreskateetarako baliabiderik ez izateak, ez esku hartzeak eta erreskate-lanetan jarduten duten erakundeen edo migratzen ari diren pertsonen kriminalizazioak egoera larriagotzen dute. Gainera, migratzaileek bidaiatzeko dituzten baldintza prekarioek, aurre egiten dieten egiturazko indarkeriarekin batera, arriskuak areagotzen dituzte, bereziki emakumeen kasuan, migratzean sexu-indarkeria eta lan-esplotazioa jasaten baitituzte sarri.

Ikerketako beste alderdi kritiko bat da adingabe migratzaileen babesgabetasun gero eta handiagoa, heldu gisa tratatzen baitituzte askotan, eta ez baitute erabateko bermerik migrazio-ibilbideetan. Kanarietan, adibidez, salatu dute behar bezala identifikatu gabeko haurrak helduekin bizi direla harrera-zentroetan, eta horrek arrisku larriak eragiten dituela. Migrazio-bide horietan haurrak modu egokian ez artatzeak erakusten du agintariek ez dutela neurri nahikorik hartzen, eta adingabeak kalteberak direla abusuaren eta esplotazioaren aurrean.

Migrazio-bideetan desagertutako pertsona maiteen bila ari diren familien egoera zaila ere aztertzen du txostenak. Salatutako kasuei dagokienez aurrerapen batzuk izan diren arren, senideek oztopo handiak izaten dituzte oraindik ere beren eskubideak bete daitezen, hala nola, DNA probetarako sarbidea izateko zailtasunak edo estigmatizazioa salaketa-prozesuan. Caminando Fronterasek ondorioztatu du familiek sare komunitarioetara eta familia zabalaren laguntzara jotzen dutela desagertuak aurkitu ahal izateko, "heriotza eta zigorgabetasuna betikotzen dituen mugako sistemari aurre egiten dioten bitartean".

EZ DAGO IRUZKINIK