AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/25 10:06

%24,5 igo ziren Espainiako Estatuko enpresen negozioak iaz, 2021. urtearekin alderatuta. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) ostegun honetan argitaratutako Enpresa Negozioen Zifraren Indizearen arabera, enpresarien jarduera ekonomikoa ez zen 2020ko beherakada berreskuratzera mugatu, eta azken hogei urteetako marka guztiak hautsi zituen.

Sektoreka hartuta, erauzketa zein manufaktura industrien urte arteko tasa %14,17 handiagoa izan zen, eta energia elektrikoaren eta uraren horniduran, saneamenduan eta hondakinen kudeaketan, berriz, %6,63koa. Merkatuko zerbitzu ez-finantzarioen salmentak beste %10,95 bat areagotu dira.

Ondorioz, enpresek, oso epe laburrean, irabazi izugarriak izan dituztela ikus daiteke. 2022ko lehen hiru hiruhilekoetako irabaziak 2019koak baino %52 handiagoak izan ziren; hots, duela lau urte baino 21.000 milioi euro gehiago irabazi zituzten. Horien artean, kapital finantzarioa nabarmendu da, banketxe handiek iaz 20.850 milioi euroko superabita izan baitzuten 2021. urtearen aldean; %28 gehiago.

2022ko lehen hiru hiruhilekoetako irabaziak 2019koak baino %52 handiagoak izan ziren

Langile familien pobretzea

Lanaren errentetatik Kapitalaren errentetara transferentzia masiboak gauzatzen ari direla ikus daiteke. Aurreko fenomenoarekin batera, langile klaseko familien errenta erabilgarriaren galera %8koa izan da 2021eko hirugarren hiruhilekotik hona, Europako tasarik altuenetarikoa. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) datuek erakusten dutenez, burgesiak langile klasearen errenten %2,8 xurgatu zuen 2022ko azken hiruhilekoan bakarrik. Hala, Espainiako Estatuko langile klaseak lau hiruhilekoz jarraian izan ditu errenta-galera zuzenak.

Langile klaseko familien errenta erabilgarriaren galera %8koa izan da 2021eko hirugarren hiruhilekotik hona

Lehengaien garestitzearen arma

Nazioarteko finantza-taldeek langile klasearen aurrezkiak irensteko banketean izena eman dute bizkor, tokian tokiko enpresen eta administrazioen laguntzarekin. France Interrek egindako ikerketa baten arabera, irabazi horiek bultzatu dituen inflazio errekorra ez da soilik Ukrainako gerraren eta energia-krisiaren emaitza, "bankuen eta inbertsio-funtsen finantza-espekulazioaren emaitza baizik". Kasu honetan, lehengaiekin espekulatzen ari dira bereziki, prezioak "artifizialki igoz".

Erakundeak azpimarratu duenez, inflazioak nekazaritzako lehengaien espekulazioarekin du lotura gehien: "2022an ekoitzi da gari, soja eta arroz gehien". Ez da kasualitatea banketxeak zein inbertsio-funtsak izatea gehien garestitu diren merkantzia horien erosle nagusiak. Finantza-eragile horiek prezioaren igoerak baino lehen hasi ziren nekazal produktuetan inbertitzen, ondoren garestiago birsaltzeko aukerarekin. France Interren arabera, 2022ko ekainean Parisko burtsan zeuden hamar gari-akziotik zortzi espekulatiboak ziren.

2022ko ekainean Parisko burtsan zeuden hamar gari-akziotik zortzi espekulatiboak ziren

2022ko udaberrian, gariaren prezioak garestitu ziren unean, JP Morgan, Goldman Sachs eta Morgan Stanley bezalako banketxe estatubatuarrek "lehengaiei lotutako finantza-produktuetan inbertitzea" aholkatu zieten euren bezeroei. Amerikako Estatu Batuetako finantza-erakunde horiek lehengaien prezioen igoera usaindu zuten, marrazoek odola bezalaxe. Eta halakoak erosten hasi ziren heinean, merkatuko gainontzeko eragileek seinalea jaso zuten, "prezio altuen burbuila" deiturikoa sortuz.

Gauzak horrela, "krisiaren espekulatzaileek" izugarrizko irabaziak izan zituzten epe motzean, eta, ikus daitekeenez, nekazaritzako lehengaien prezioen igoera oso onuragarria izan da merkatua kontrolatzen duten multinazional handientzat; horien artean, Archer Daniels Midland (ADM), Bunge, Cargill eta Louis Dreyfus.

EZ DAGO IRUZKINIK