AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/08 12:52

Errepresioari klase elkartasuna aldarritzat hartuta, gaur eman dute argitara Errotxapeako Auzipetuak izeneko plataforma. Izan ere, auzipetuta jarraitzen dute Iruñerriko (Nafarroa) Errotxapea auzoko bi lagunek, 2021eko polizia-operazio batean atxilotuak izan ostean, aurrera egin baitute euren kontrako akusazioek eta prozedura judizialek. Gaur-gaurkoz, epaiketa noiz izango den zehazteko zain daude.

2021eko apirilean, Errotxapeko bederatzi gazte eta Burlatako bat atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta deklaratzera deitu zituzten beste bi, Iruñerrian 2020an eta 2021ean izandako hainbat liskarrekin eta ekintzarekin lotuta. Hiru egunez izan zituzten atxilo, eta euren etxeak nahiz material pertsonala miatu zituzten polizia-agenteek. Ordu luzez ukatu zieten euren gertukoekin zein konfiantzazko abokatuekin hitz egitea, eta oinarrizko baldintza ugari urratu zizkieten atxiloaldian.

Babes handia jaso zuten atxilotutako gazteek, eta mobilizazio jendetsuak izan ziren egun horietan. Gazte Koordinadora Sozialistari nahiz Indar Gorriri lotutako "kale borroka talde bateko kide izatea" leporatu zieten, baita "talde kriminal baten" parte izatea ere. Hala, Errotxapeako Auzipetuak plataformak ohartarazi duenez, "GKS, Indar Gorri eta euren ingurukoak jomugan jartzeko" baliatu zuten polizia-operazioa, "funtsik gabeko akusazioak lau haizetara zabalduta".

Akusazio gehienak bertan behera apirilean

Bi urteren ostean, iazko apirilean jakinarazi zuten bertan behera geratu zirela 2021ean atxilotutako gazte gehienen kontrako akusazioak, froga faltagatik. "Horrek, beste behin ere, Estatuaren eta indar polizialen inpunitatea agerian uzten du, frogarik izan gabe ere, dimentsio horretako atxiloketak eta atxiloaldiak inolako kosturik gabe egin ditzaketela erakutsiz", salatu du gaur aurkeztutako plataformak.

Bi lagunen kontrako prozedura, aurrera

Dena den, ez zituzten atxilotutako pertsona guztien kontrako prozedurak jo amaitutzat: aurrera egin dute bi lagunen kontrako akusazioek eta prozedurek. Horren harira aurkeztu dute orain Errotxapeako Auzipetuak plataforma, jakinarazi baitute epaitu egingo dituztela auzipetuta jarraitzen duten bi lagun horiek. Aipatutako plataformaren esanetan, "2021ean sortutako testuinguru errepresiboa eta mediatikoa ezerezean ez uztea" ahalbidetuko dute indarrean jarraitzen duten prozedurek.

"Protesta baten testuinguruan", desordena publikoak eta kalteak eragitea egozten diete bi auzipetuei, baita "derrigortze-delitu bat" ere. Hori dela-eta, hiru urte eta erdiko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte haientzat, eta 26.000 euro inguruko kostu ekonomikoei egin beharko diete aurre. Oraindik ez dakite noiz izango den epaiketa.

"Beti egin izan duten bezala, prozesu honetan ere, Estatuaren eta alderdi eskuindarren zein ezkertiarren kontrolpetik kanpo gizarte injustu honi aurre egiteko borondatea da jazartzen eta epaitzen ari direna", salatu du plataformak: "Dagoenarekin konformatu ordez, militantzia eta protesta politikoa zilegitzat eta beharrezkotzat ikusten dugunon aurkako eraso gisa ulertzen dugu". Eta iritzi dio, hain zuzen ere, "militantzia eta protesta politikoa are beharrezkoagoak diren krisi garai honetan" ezin dela "errepresioaren aurrean atzerapausorik eman".

Elkartasuna martxan

Errotxapeako Auzipetuak plataformak dei egin du "klase elkartasuna praktikan jartzera eta jarduera politikoaren aurkako jazarpena eta errepresioa salatzeko indarrak batzera". Gainera, berehalako hitzordu baten berri eman du: auzipetutako pertsonekin elkartasunez, kontzertu bat antolatu dute datorren larunbaterako, hilaren 13rako. Iruñeko Aitzina tabernan izango da emanaldia, 21:00etan hasita: parte hartuko dute Against You eta Habemus Papam taldeek, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK