AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Intxorta 1937 Kultur Elkartea
2025/02/17 13:22

"Faxistak, Gogora Memoria Institutuaren zerrendetatik kanpora". Hala aldarrikatu du Intxorta 1973 Kultur Elkarteak Arrasaten (Gipuzkoa) egindako agerraldi batean, ikusita 1936ko estatu-kolpearen biktimen zerrendetan faxistak ere aipatzen dituela oraindik Gogorak. Euskadin Gerra Zibilean hildako biktimak izena darama listatuak, eta barne hartzen ditu falangistak, errekete nafarrak, Benito Mussolini italiar faxistaren agindupean zeuden militarrak edo hegazkin nazietako gidari alemaniarrak ere. Izan ere, zerrenda horiek bitan banatuta daude: "matxinatuek eragindako hildakoak" batetik eta "errepublikarrek eragindako hildakoak" bestetik, eta bigarren zati horretan sartu zituzten 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpe frankistaren alde borroka egin zuten horiek ere.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideek Gogorari eskatu diote "bidegabekeria hori erreparatu" dezala. Salatu du Gogorak "espazioa eskaini" diela "estatu-kolpe militarraren garaipenaren alde borroka egin zuten horiei", eta Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen (9/2023 Legea) kontra doala hori. "Falangistak, erreketeak, armada matxinoko soldaduak, guardia zibil kolpistak edo frankistei lagundu zieten militar atzerritarrak ere biktimak al dira, Gogorak bere web-orrian ezartzen duen bezala?", galdegin du elkarteak. Eta gaineratu du: "Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokan hil zirenak, hau da, kolpe militarrari aurre egin ziotenak, ezin dira askatasun horiek zapaltzeko borrokan erori zirenekin parekatu".

Duela zenbait urte jarri zituzten zalantzan Memoria Institutuaren zerrenda horiek, baina garai hartan Berdintasun, Justizia eta Politika Sozialen sailburua zen Beatriz Artolazabalek adierazi zuen "pertsona horiek ere gure historiaren parte" direla. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, baina, hainbat zehaztapen egin nahi izan ditu berriz: 1936ko gerra ez zela "gerra zibil" bat izan eta gero hiru urtez luzatu zen estatu-kolpe militar bat izan zela abiapuntua; altxamendu faxistaren ostean kolpistek "Estatu-Instituzioen laguntza guztia" izan zutela; eta "ez galtzaile deiturikoek ez haien ondorengoek" ez dutela inoiz ezagutu, ezta gaur egun ere, "gertatutakoaren benetako ikerketarik".

EZ DAGO IRUZKINIK