AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/18 09:27

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, momentu honetan, 141 etxegabetze-prozesuri aurre egiten ari da. Euskal Herri osoko hamaika eskualdetan eta hiriburutan antolatuta dago, eta lekuan lekuko sindikatuak buru-belarri ari dira lanean etxe-kaleratzeen aurka, euren etxea galtzeko arriskuan dauden 100 familiarekin baino gehiagorekin batera. Askotarikoak dira familia horiek bizitzen ari diren egoerak: etxebizitza ordaintzeko ezintasuna, alokairu-kontratuen amaiera, abusuzko klausulek eragindako egoerak, desokupazio-enpresen mehatxuak, eta abar.

Tokian tokiko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak kontra egiten ari dira kaleratze-prozesuei; horiek atzeratzeko edo bertan behera uzteko alegazioen bidez, alternatibak bermatzeko presioa eginez edo legez kanpoko etxegabetzeak ekidinez. "Amaierarik txarrena saihesteko" asmoz ari dira lan horretan, kasu gehienak argitara ateratzen ez diren arren: "Askotan, gehien ezagutarazten diren etxegabetzeak polizia-dispositibo bat dutenak dira, baina ez dira beste milaka kasu ezagutzen".

Dena den, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak esan du horren guztiaren berri eman nahi izan duela orain, bi arrazoi nagusi direla-eta: "alderdi instituzionalek arazo hori ezkutatzeko egindako ahaleginei aurre egiteko", eta tokian tokiko sindikatuek "egiten duten lan isila eta egunerokoa" erakusteko. Alderdi parlamentarioek egia estaltzeko egiten dituzten saiakerei dagokienez, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako sailburuaren hitzak ekarri dituzte gogora, esan baitu etxegabetzeena "Euskadin ia garrantzirik ez duen arazo oso marjinala" dela. Ildo beretik doaz "EH Bildu, PSOE edo Podemos bezalako ezkerreko alderdi politikoen" adierazpenak, Etxebizitza Lege berria aurkeztu zenean, sinetsarazi nahi izan baitzuten "etxegabetze guztiak debekatu" zituztela.

Eta, lekuan lekuko sindikatuen lanari dagokionez, aldarrikatu dute horrek erakusten duela "antolaketa eta borroka, etxebizitzaren arazoaren aurrean, eraginkorrak direla". Dei egin dute, hala, antolatzen jarraitzera eta eurengana jotzera, "antolatzen ez diren etxegabetzeak isilean egiten direlako eta sindikatuarekin antolatzen direnak gelditu egin daitezkeelako". Gogorarazi dute, gainera, hitzordu garrantzitsu bat izango dela datorren apirilaren 5ean, ehunka etxebizitza sindikatuk hamaika lurraldetan antolatutako mobilizazioen barruan: manifestazio deialdi nazional bat egin du Donostian (Gipuzkoa) Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, "etxebizitzaren negozioaren aurka eta kalitatezko etxebizitza izateko eskubide unibertsalaren alde". 12:00etan hasiko da, Bulebarretik.

EZ DAGO IRUZKINIK