AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/09 08:29

Ez du etenik Lizarrako (Nafarroa) Sugarra Gaztetxearen aurkako errepresioak. Hiru isun jaso dituzte berriki, denera, 12.300 eurokoak. "Udaltzaingoaren mehatxuak bete dira", beraz, eta zigor ekonomiko altuak jarri dizkiete Lizarrako Udalak (UPN) eta Nafarroako Gobernuak, Gaztetxeko jardunari lotuta.

Agerraldi bat egin dute Gaztetxeko kideek, isunen berri emateko eta "errepresio ekonomikoa gelditzera" deitzeko. Azaldu dutenez, Lizarrako Gazte Asanbladaren 2022ko urteurrenean, Gaztetxean izan ziren hainbat ospakizun-ekimen; dena den, Polizia bertaratu zen eta zenbait gazte identifikatu zituen. Horren ondorio dira gazteek oraintsu jaso dituzten hiru isunetatik bi, 6.000 eurokoa bakoitza.

Jazarpen jarraitua

"2022az geroztik, udaltzaingoak pertsona ugari identifikatu ditu eta txostenak bidali dizkie bai Nafarroako Gobernuari bai Lizarrako Udalari", jakinarazi dute agerraldian Gaztetxeko kideek: "Beraz, litekeena da oraindik isun gehiago jasotzea, Sugarra Gaztetxea den espazio autogestionatua ekonomikoki itotzeko asmoz".

Seinalatu dute, gainera, eraikina okupatu zutenetik "etengabeak" izan direla "identifikazioak eta isunduak izateko mehatxuak". Iazko irailean, esaterako, Gaztetxera sartzera zihoazen hainbat gazte identifikatu zituzten polizia-indarrek.

Jardun zabala Gaztetxean

2018an birjabetu zuten gaur egun Gaztetxea kokatzen den eraikina, osorik. Hamar urte zeramatzan hutsik. Egindako presio eta borroka luzeari esker, Nafarroako Gobernuarekin eta udalarekin irekitako negoziazio-mahaian, okupatutako eraikineko bulegoak eta kapera Gaztetxeari lagatzea lortu zuten gazteek.

Espazioa "Lizarrako gazteen topaleku bihurtu da", euren esanetan: "Ez da jarrera diskriminatzailerik onartzen, era guztietako erasoen aurkako protokoloak ditugu eta hainbat jarduera egiten dira bertan". Horren adibide modura aipatu dituzte "hitzaldiak, tailerrak, ikasteko gelak, Herri Inauteriak, Sahararako janari-bilketa, boxeo entrenamenduak, jarduerak euskaraz, kontzertuak", eta abar. Bestalde, hainbat kolektibok erabiltzen dute Sugarra: Lizarraldeko Etxebizitza Sindikatuak, adibidez, bertan dauka bulegoa.

Exijentziak udalari eta Nafarroako Gobernuari

Aurrekoari lotuta, agerraldian esan dute "proiektu alternatiboak eraikitzen dituen gazteria kritikoaren aurkako erasoak" direla "Gaztetxearen aurkako erasoak". Hala, "Sugarra Gaztetxearen aurkako jarrera errepresiboarekin" buka dezatela eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Lizarrako Udalari, bi exijentzia nagusi eginda: batetik, "errepresio ekonomikoa etetea" eta Gaztetxeko jarduerak "ez zigortzea"; eta, bestetik, "polizia-jazarpena eta espazioan parte hartzen duten pertsonen identifikazioak gelditzea".

"Sugarra Gaztetxea defendatzera eta bere alde mobilizatzera" deitu dute Gaztetxeko kideek, bereziki gazteei erreferentzia eginda: "Desmobilizatuta nahi gaituzten arren, espazio autogestionatuak defendatzen jarraituko dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK