AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/04/10 13:34

Atzorako hitzordu garrantzitsu bat jarri zuen Gazte Koordinadora Sozialistak. Jardunaldi nazional bat antolatu zuen Berriozarren (Iruñerria, Nafarroa), hitzaldi batzuen bitartez, hainbat auzi lantzeko. Batez ere, gazteen artean nagusitzen ari den bizi-eredu proletarioa, gailentzen ari diren joera kulturalak eta horien ondorio politikoak, eta komunismoaren ulerkera gaurkotu bat lantzea zen asmoa. Egun osorako egitarau bat prestatu zuten GKSko kideek; hala, goizetik 1.000 gaztetik gora elkartu ziren Berriozarko eskolan.

Jardunaldiak irekitzeko, bi hitzaldi izan ziren aldi berean; eskolako frontoian bata, eta aretoan bestea. "Efimerotasunaren kultura, arte proletarioa eta erronka politikoak" —ikusi hemen saio horren azalpen bideoa— aztertu zituzten frontoiko saioan, eta aretoan, berriz, gazte belaunaldietan nabarmentzen ari diren "joera kultural emergenteak" —ikusi hemen saio horren azalpen bideoa—.

Eguerdian izan zen hurrengo hitzaldi sorta, frontoian eta eskolako aretoan horiek ere. "Poliziaren normalizazioaz, politika totalitarioez eta biolentziaren despolitizazioaz" aritu ziren aretoko saioan —ikusi hemen saio horren azalpen bideoa—. Frontoiko hitzaldian, bestalde, klase ertainaren deskonposizioa eta politika komunistarako aukerak izan zituzten aztergai, gonbidatu berezi baten eskutik: Emmanuel Rodriguez —ikusi hemen saio horren azalpen bideoa—.

Bazkaltzeko aukera izan zen saio horien ostean, otordurako egokitutako espazioetan. Gero, eskolara itzuli ziren berriz gazteak, eta mahai-inguru bakarra izan zen arratsaldean: "komunismoaren ulerkera historiko eta gaurkotu baterako gakoak" eskaini zituzten hizlariek —ikusi hemen saio horren azalpen bideoa—. Frontoian egin zuten mahai-ingurua, baina eskolako aretoan ere zuzenean eman zuten saioa, streaming bidez. Horrekin itxi zituzten jardunaldiko hitzaldiak, eta aisialdirako eskaintzari eman zioten hasiera.

Ilargi parkea prestatu zuten GKSko kideek atzo iluntzerako, eta 19:00etan ireki zituzten gune horretako ateak. Han izan ziren gaueko musika emanaldiak ere.

Poliziaren kontrolak eta atxiloketa bat

Guardia Zibilak kontrol-puntuak jarri zituen Iruñeko sarreretan, eta Berriozarrera bidean ziren hainbat autobus eta kotxe geratu zituen; identifikazio ugari izan ziren. GKSk jakinarazi duenez, gainera, pertsona bat atxilotu zuten guardia zibilek kontrol-puntuetako batean, "modu arbitrarioan". Arratsaldean utzi zuten aske.

EZ DAGO IRUZKINIK