AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Xalba Ramirez/Irutxuloko Hitza
2025/10/29 15:49

Etxe-kaleratze masibo bat izan da gaurkoan Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoan, Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez: 11 lagun bota ditu euren etxetik Ertzaintzak. Tartean dira zortzi hilabeteko haurdunaldian dagoen emakume bat eta 11 urteko haur bat. Ez daukate bizitoki-alternatibarik, pertsona migranteak dira gehienak eta ez daukate seniderik bertan, eta udaleko gizarte-zerbitzuek ez diete alternatibarik eman. "Zerbitzu sozialetara deitu dugu, eta esan digute aterpetxean galdetzeko ea lekurik baden", jakinarazi diote Hitza-ri.

Aldapa kaleko etxe batean bizi izan dira guztiak, azpialokatutako logeletan, 600 euroren truke. Haiek errentak ordaindu arren, azpierrentatzaileak ez dio gero etxearen legezko jabeari ordaindu, eta horregatik etxegabetu dituzte 11 maizterrak. Gaurko zegoen ezarrita kaleratze-agindua, baina biktimek ez zuten atzora arte izan desalojoaren berri.

Egiako bizilagunek salatu dutenez, etxejabe berarenak dira etxe hori eta ondoan dauden beste batzuk; etxebizitza turistikoak eta prostituzio-etxe bat ere izan ditu zabalik aurretik. Gaurko desalojoaren berri izan bezain pronto, tokira bertaratu dira Donostiako hainbat kolektibo; hala nola Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Egia Bizirik auzo-elkartea eta Saretxea.

Talde horietako kideek ere gizarte-zerbitzuetara jo dute etxegabetutako pertsonentzako alternatibak exijitzeko, baina hutsalak izan dira handik egin dizkieten eskaintzak: haurra duen familiari hiru eguneko egonaldia ordainduko diote hotel batean, eta haurdun dagoen emakumeari eta bere bikotekideari bost eguneko egonaldia besterik ez diete ziurtatu aterpetxe batean, baina bihartik aurrera.

EZ DAGO IRUZKINIK