AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/29 13:56

Espainiako Estatuko "Biolentziaren Aurkako Batzordeak" zigor-proposamen bat egin du Euskadiko Futbol Federakundearen aurka, azaroaren 15ean San Mamesen (Bilbo, Bizkaia) izan zen futbol-partidaren harira. Euskal Selekzioak eta Palestinakoak jokatu zuten Bilbon egun hartan, eta partidaren aurreko mobilizazioan nahiz estadioan bengalak eta petardoak erabili zirela argudiatuta eskatu du zigorra aipatutako batzordeak. San Mamesera sartzeko izan ziren zailtasunak ere aipatu omen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak eman du horren berri, eta ez du aukera alferrik galdu: bengalen eta petardoen erabilera kriminalizatu du, zigor-proposamena aitzakiatzat hartuta. Esan du "kezka" dutela "Ertzaintzako buruek" material horiek direla-eta, "ezustekoren bat edo ezbeharren bat" gerta daitekeela esanez. "Gauza bat da harrera egitea, txalotzea eta animatzea, eta beste gauza bat da animazio hori arriskuko egoeretara eramatea", gaineratu du Zupiriak.

Selekzioen arteko partida hori jokatu aurretik ere, eman zuen zeresana Segurtasun sailburuak. Euskal zaletuen harmailek eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak palestinar erresistentziaren aldeko kalejira bat antolatu zuten egun horretarako, partidua baino lehen, eta deialdi horren inguruko gezurrak zabaldu zituen jeltzaleak: kalejira "komunikatu gabe" zegoela eta "Ertzaintza istilu-arriskuaren aurrean prestatzen" ari zela esan zuen, mobilizazioa zapuzteko asmoz. Gezurra zela onartu behar izan zuen gero.

EZ DAGO IRUZKINIK