AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/29 08:59

Etxarriren desalojoa gelditu! Gaztetxeak defendatu! lelopean, Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoko plazan elkartu ziren 1.000 pertsona baino gehiago atzo arratsaldean. Handik abiatu zen Etxarri II Gaztetxearen alde antolatutako mobilizazioa, 18:30ean, eta Errekaldeko kaleak zeharkatu zituen. Izan ere, berehalako desalojo arriskuan dago espazioa, apirilaren 4rako baitago aginduta gehienezko huste-epea: atzoko manifestazioan, beraz, desalojoa geratzera eta Gaztetxea defendatzera deitu zuten.

Etxarriko kideek argi esan zuten: "Gaztetxea defendatuko dugu". Gogorarazi zuten 2014an okupatu zutela eraikina, Kukutzaren desalojoaren eta eraisketaren ostean, auzoko "gazte langileen beharrei erantzun kolektibo" bat emateko asmoz. Ordutik, gazteria antolatzeko eta politizatzeko espazio bat izan dela nabarmendu zuten, baita Errekaldeko eragileentzako "aterpea" eta "aisialdi-eredu alternatibo bat garatzeko" lekua ere. Horri lotuta, gogoan izan zuten hasieratik dagoela Etxarri "errepresioaren jomugan", eta horren erakusle direla 2016ko legez kontrako desalojoa (berriz okupatu zuten espazioa handik gutxira) eta 2020ko huste saiakera, elkartasun antolatuari esker gelditu zena.

Hain zuzen ere, orain, 2020ko desalojo-agindu bera erabili nahi dute Gaztetxearen kontra egiteko eta hura husteko. Modu horretan egin nahi diote bide, gaur egun Etxarri dagoen kalean, ehunka etxebizitza eraikitzeko planari. "Proiektu urbanistiko elitista" horren atzean dago Amenabar enpresa espekulatzailea, Bilboko Udalaren eskutik. Gaztetxeko kideek atzo salatu zuten, dena den, plan horren helburua ez dela "etxebizitza eskubidearen alde egitea, enpresari handien negozioari mesede egitea baizik": etxeak ez dira "eskuragarriak" izango langileriarentzat, milioi erditik gorako kostua izango baitute, auzoan etxe huts andana dagoen bitartean.

Horregatik guztiagatik, berriz seinalatu zuten Amenabar eta udala direla Gaztetxearen desalojoaren erantzuleak, aipatutako proiektu urbanistikoaren gauzatzaile eta bultzatzaile gisa. Espazioa defendatzeko deia egin zuten berriz gazteek, "antolakuntza independenterako espazioak" babestea ezinbestekotzat jota. Eta azaldu zuten, gainera, Etxarri ez dela gaur egun arriskuan dagoen Langile Kontrolpeko Espazio bakarra: hala, elkartasun osoa adierazi zieten Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxekoei, Zornotzako (Bizkaia) Matrailukoei, Durangoko (Bizkaia) gazteei, Igorreko (Bizkaia) Kiñukoei eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK